Uztailaren 15ean, arratsaldeko 20:00etan, Udazken txistulari taldeak pregoia irakurri eta txupinazoa botako du. Horrela hasiko dituzte jaiak Zornotzan. Egitarau oparoa prestatu dute hurrengo asteetarako. Ekintza horien guztien berri emateko prentsaurrekoa egin dute gaur udaletxean.
Luciano Martinez zinegotziak azaldu duenez, "25 urte betetzen dira, mende laurdena, Udaberri taldeak musikatik eta tradiziotik gure kaleak alaitasunez eta une onez betetzen dituztela. Aukera paregabea izango da udalak eta zornotzarrak merezitako omenaldia egin diezaien". Txupinazoa bota ondoren, Zorhontzako kalejira izango da Ondolan, Iskadi, Bermeoko Kietb, Amorebieta-Etxanoko Udazken Barria eta Etxanoko erraldoi eta buruhandien konpartsekin, eta Udazken eta Zornotzako Musika Bandaren gaitero eta txistulariekin.
Andoni Agirrebeitia alkatea pozik agertu da Karmen eta Santanatxu jaiak normaltasun osoz ospatu ahal izango direlako: "Pozez hartuko ditugu egun hauek, pandemiaren bi urte gogorren ondoren normaltasunera itzultzea esan nahi baitu horrek. Gogoratu nahi ditut hemen ez dauden pertsonak eta oso egoera mingarrietan lagun izan dituztenak. Eta aitorpen horretatik, etorkizunera begira jarri eta jaiak pozez eta itxaropenez bizitzera gonbidatu nahi ditut zornotzarrak".
Kontzertuak eta ekitaldi kulturalak
Hogei kontzertu eta musika emanaldi baino gehiago izango dira Zubiondo plazako eta Zelaieta parkeko agertokien artean: Doctor Deseo, Rat-Zinger, Erruki erromeria, Sorotanbele gogoan, Zornotzako Musika Banda, Supercremalleras, Tremenda Jauria, Romea, Merina griss, Dj Romea, La Tropadora, Kilimak, Xabi Aburruzaga, Julen Alonso eta Oinkari Dantza taldea, Camela, Gozategi, Zirkinik Bez!, Esenzian bai, Mariachi Mexico lindo si señor, Jon Allende eta bertsolariak arituko dira Amorebieta-Etxanon'. Era berean, ez dira faltako beste hainbat emanaldi eta kalejira, hala nola batukadak, txarangak, txistulariak, fanfarreak...
Su artifizialak beharrean dron ikuskizuna
EAEn egiten den lehena izango da: "Hilaren 25eko su artifizialak ikuskizun horrekin ordezkatzea erabaki da, jaiak inklusiboak izan daitezen. Badakigu su artifizialek ondorio kaltegarriak dituztela animaliengan, autismoa duten pertsonengan edo arrazoi ezberdinengatik osasuntsu ez dauden pertsonengan. Jai Batzordeak apustua egin du Karmen eta Santanatxuak zornotzar guztiak eroso sentituko diren jaiak izateko. Horrela, pixkanaka-pixkanaka ordezkatuko dira arrazoi batengatik edo bestearengatik herritarrengan min objektiboren bat eragiten duten ekintzak. Era berean, datu moduan, gehitu nahi dut ikuskizun honetarako, guztira, 100 dron erabiliko direla".
Morgaetxebarriaren debuta
Aimar Morgaetxebarria pilotari zornotzarrak profesionaletan debutatuko du etxean, jaietan. Lasorekin batera, eskuz binaka, Urrutikoetxea eta Elizegiren aurka jokatuko du. Herri Kirolekin hasita, Ezpeleta eta Basozabal aizkolariak eta Zelai III eta Urrutia harri-jasotzaileak izango ditugu. Horrez gainera, bolo, esku pilota eta pala txapelketak, Euskal Herriko artzain txakurren lehiaketa, arku tiroa, Duatloi txikia, jaietako lasterketa, 3x3 basketa… ere izango dira. Eta azken edizioetan gertatu den bezala, Bizikleta Eguna ere izango da, Urgozo iturria txirrindulari elkarteak antolatuta, zornotzarren artean bizikletaren erabilera sustatzeko'.
Erasorik gabeko jaiak
Prentsaurrekoan Ainhoa Salterain Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak azpimarratu du Zornotzako Udalak eraso matxistarik gabeko jaiak izatea duela helburu eta Udalak bide horretan egiten duela lan: "Argi eta garbi esan nahi dugu guztiok dugula jai hauetaz askatasunetik gozatzeko eskubidea, noiz eta nola erabakitzekoa, etxera bakarrik itzultzeko beldurrik gabe bizitzekoa…". Salterainek azaldu duenez, indarkeria matxistarik gabeko gune bat egongo da Zelaieta parkean: «informazio, harrera eta aholkularitza gunea izango da. Emakumeak eta herritarrak, oro har, indarkeria sexistaren inguruan kontzientziatzeko gune bat. Era berean, indarkeria matxistaren bat jasanez gero, laguntza eskatu ahal izango da bertan. Hilaren 15, 16, 22, 23, 24 eta 27an izango da zabalik, 20:00etatik 00:00etara. Gainera, 722 232 869 telefono-zenbakia ere erabilgarri egongo da lehen aipatutako egunetako 24 orduetan: horrela, edozein intentsitatetako eraso sexistaren baten biktimek deitu ahal izango dute, eta larrialdi egoera horretan esku hartu, informatu eta aholkuak jaso ahal izango dituzte'.