“Pertsonalki eta profesionalki hazteko aurkeztu naiz lehiaketara"

Aitziber Basauri 2022ko uzt. 3a, 10:30

Ainhoa Garciak (Zornotza, 2001) edukiak sortzen ditu edertasunagaz loturiko enpresentzat, eta estetika eta makillaje ikasketak ditu. Zornotzarra da, Galdakaon bizi da eta kirola eginda eta osasuntsu janda zaintzen du bere gorputza. Azkar ikasteko duen erraztasuna du indargune.

Lehenengoz aurkeztu zara Miss World Spain edertasun lehiaketara. Zelako esperientzia izan da? 
Oso intentsoa izan da, oso zoroa, estres handikoa eta erloju kontrakoa. Izan ere, hilabete aurretik abisatu zidaten hautatu nindutela, Miss Universo Spain lehiaketako azken fasera heldu berri nintzela. Miss Universo prestatzen 5-6 hilabete egin nituen, sare sozialetatik nigaz hartu-emanetan ipini eta gero. Guztiagaz ere, dena egin ahal izan dut. Nire gorabeherak izan ditut, baina oso pozik nago egindako lanagaz eta lorturiko emaitzagaz. Gainera, asko ikasi dut, hori da niretzat ekarpenik garrantzitsuena. Modaren munduan sartu berria naiz eta momentu ezin hobean sortu zait lehiaketan parte hartzeko aukera, asko ikasi dudalako. 

Zein helburugaz aurkeztu zinen?
Denbora bat da edertasun lehiaketak jarraitzen ditudala. Gaur egun, edertasunaz haratago doazen lehiaketak direla uste dut, beste hainbat aspektu hartzen dela kontuan. Miss World Spainen, adibidez, proiektu sozial bat aurkeztu behar da aurrera egiteko. Banuen buruan halako lehiaketa batera aurkeztea, eta aukera parean ipinita aurrera egin nuen. Pertsonalki eta profesionalki hazteko helburuagaz aurkeztu naiz, eta esperientzia berri bat probatzeko.  

Zelan prestatu behar da miss izateko?
Hainbat ezaugarri izan behar da, eta hainbat gai landu. Jarrera ez ezik, esfortzua, ardura, sinpatia eta apaltasuna behar dira. Adiskidantza ere garrantzitsua da.

Eta edertasuna?
Egia da ezaugarri fisiko batzuk izan ezean ez dela castingetan aurrera egiten. Irudi egoki bat beharrezkoa izan daiteke, baina ez dut uste horren garrantzitsua denik.

Zelan  sartu zinen modaren munduan?
Orain urte eta erdi, makillatzera joan nintzen publizitate iragarki baterako. Modeloak makillatu nituen eta ni ere modelo lez jartzeko eskatu zidaten. Hor hasi zen dena. Esperientzia gustatu zaitzaidan, eta gero lan txiki batzuk egin ditut. Orduan hasi nintzen lehiaketak jarraitzen, eta modelo izateko ikastaro bat egin nuen agentzia batean. Nire altueragaz aukera gutxiago izan dezaket lan egiteko, baina baditut beste ezaugarri batzuk.

Zein erronka dituzu etorkizunerako?
Modelo izan gura nuke, eta horri heldu diot. Pasarela  probatu dut eta asko gustatu zait. Victoria Secret bat egitea ondo legoke (barrez).

Baduzu erreferenterik?
Sara Loinaz (Miss Universo 2021) asko gustatzen zait eta Romee Strijd (Victoria Secret) ere bai.

Berriro ere aurkeztuko zara?
Miss Bizkaia naiz eta hori behintzat badaukat. Miss World Spain amaitzean esan nuen: ‘Gehiagorik ez!’. Zelan funtzionatzen duten jakinda, baliteke berriro ahalegintzea. Esperientzia polita da, baina gogorra. Ez dut uste denentzako denik, baina bizi osorako markatzen zaitu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!