Zornotzako marmitako txapelketan izena emateko epea, zabalik

Anboto 2022ko eka. 29a, 09:57

Karmen eta Santanatxu jaietako marmitako txapelketa uztailaren 23an egingo da herriko hainbat puntutan zehar. Izena eman gura dutenek Zelaieta zentrora jo beharko dute uztailaren 12a baino lehen.

Zornotzako Udalak zabaldu du Karmen eta Santanatxu jaietako marmitako txapelketan izena emateko epea. Ekitaldia uztailaren 23an egingo da herriko hainbat gunetan. Mahai eta aulki kopurua ahalik eta zehatzen koordinatzeko helburuagaz, kuadrilla bakoitzeko kideak Ametx txartela aurkeztu beharko du izena ematerakoan. Pertsona hori egingo da udalak utzitako materialaren arduradun.

Uztailaren 19an kuadrilla bakoitzak izango duen lekua zozkatuko dute Zelaietako aretoan. Eremu horiek kategoriaka sailkatuko dituzte: talde txikiak (A kategoria), talde handiak (B) eta C taldeak. Udalak azaldu duenez, kuadrilla bakoitzak esleitutako espazioa hartu beharko du ezinbestean, marmitakoaren egunean. 

Arauak

Antolakuntzak hegaluzea, mahai-tresnak eta ogia baino ez ditu banatuko txapelketaren egunean. Gainerako elementuak parte hartzaileek eraman beharko dituzte. Mahaiak eta aulkiak, berriz, mapan esleitutako lekuetan emango zaizkie parte hartzaileei: 10:30etatik 13:00etara. Jaso, 13:00etatik 19:320etara jasoko dira. Kuadrillek uneoro bete beharko dituzte antolatzaileen oharrak, batez ere kazolak entregatzeko ordutegiei eta lekuari dagokienez. Kazolaek 25 zentimetroko diametroa izango dute gehienez. Sari banaketa 14:30ak eta 15:00ak bitartean egingo da Zubiondo plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!