[ARGAZKI GALERIA] Sukaldaritza tailerragaz eta antzerkiagaz ospatu dute Nafarroa Zentroaren 20. urtemuga

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 28a, 13:51

Zornotzako Nafarroa Zentroak hamarkada bi bete ditu adinekoei, jubilatuei eta behar bereziak dituztenei arretarik onena eskaintzen. Gaur egitarau berezi bategaz ospatu dute urteurrena.

"Niretzat hau askapen moduko bat da. Alarguna naiz, bakarrik bizi naiz eta nire seme-alabak kuku bat egitera etorri ohi dira hona. Oso pozik nago hemen". Lucía Arzak urtebete baino gehiago darama Nafarroa Zentroko Eguneko zentrora joaten. Pozarren dago, bertan oso ondo zainduta sentitzeaz aparte, hartu emanak egiten dituelako gainerako erabiltzaileekin. "Jendeak dio hau egoitza baten antzekoa dela, zerbait itxia, zurruna. Baina ez da horrela. Zentro honetan egoteak merezi du. Mundu guztia pozarren dago hemen", gaineratu du. Arzak eta gainerako kideek Nafarroa Zentroak eskaintzen dituen zerbitzu guztiez gozatzen dute urte osoan zehar. Txangoak, erakusketak, goizeko kafea zein paseoa. Guztiak maite dituzte.

Aurtengo urtarriletik maiatzera bitartean 293 herritarri eman diete zerbitzua. 30 bat profesional daude bertan lanean. Alaitasune Duartek, Nafarroa Zentroko arduradunak, "mikromundu" modura definitu du bertako ekosistema. "Zerbitzu asko batzen da hemen. Eguneko zentroa dugu nagusientzat. Berdin desgaitasuna dutenentzat. Erakusten duguna da gaitasunak askotarikoak iazn daitezkeela. Batzuk txangora doaz, beste batzuek igeriketa egiten dute, beste batzuek joskintza, besteek egunkaria irakurri", azaldu du. Ainhoa Salterain Gizarte Ekintza zinegotziak, bestalde, "Nafarroa Zentroa goi mailakoa, erreferentea eta beti zabalik dagoela" gaineratu du. Alde horretatik giltzarritzat jo du erabiltzaileen familiek Nafarroa zentroagaz izandako urteetako konfiantza: "Pertsonak batzeko, laguntzeko eta beharrizanak asetzeko zentroa da honakoa", gaineratu du.

Markeliñe eta La Revelía

Urtemuga ospatzeko, ekintza bi izan dituzte. Eguneko zentroko kideek sukaldaritza tailerra (showcooking saioa) egin dute La Revelía jatetxe zornotzarreko Fernando González sukaldariagaz. Talde bitan banatuta, erabiltzaileek hegaluzea zelan prestatu erakutsi die. Kanpoaldean, berriz, Markeliñek antzerki saioa eskaini du zentroko erabiltzaileentzat. Chef Nature antzezlana eskaini dute jendaurrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!