Jaurlaritzak osasungintza publikoa "desegiteari" ekin diola salatu dute Zornotzan

Anboto 2022ko eka. 22a, 14:57

Zornotza Osasun Publikoaren Alde plataformaren berbetan, Gotzone Sagardui sailburuak aipaturiko 'kultura aldaketak' "pribatizazioa eta zerbitzuen prekarietatea ditu helburu".

ZOPAk, Zornotza Osasun Publikoaren Alde plataformak, osasungintza publikoa "defendatzeko" elkarretaratzea egin du goiz honetan. Herritarrak osasun zentroaren aurrean kontzentratu dira osasungintzan izaten ari den eztabaida dela-eta protesta egiteko. ZOPAko kideen arabera, Eusko Jaurlaritzak osasun zerbitzu publikoak "desegiteari" ekin dio. "Lehen Arretako medikuen errelebo falta", adibidez, "aspaldi erabakitako estrategia politikoaren emaitza" dela adierazi du plataformak: "profesionalak falta direla diote euren kudeaketa negargarria, eta osasungintza publikoa indartzeko inplikazio falta eta konpromiso falta estaltzeko", gaineratu dute.

Gotzone Sagardui osasun sailburuak duela aste pare bat aipaturiko "kultura aldaketaren" harira, ZOPAko kideek diote adierazpen horiek "osasun zentroak zarratzea eta mediku bako osasun arreta" iragarri dituela. "Seguruenik, Zornotzako osasun zentroa ez dute zarratuko, baina badakigu zer gertatzen ari den Etengabeko Arreta Guneekin, urgentzia zerbitzuekin eta kirurgia unitateekin", adierazi du plataformak. "Urteetako pribatizazio prozesu hau zuzenean loturik dago Eusko Jaurlaritzaren pribatizazio estrategiarekin. Argi dago egoera hau herritarren zaintzari begira ez egoteagatik harturiko erabakien ondorio dela", kritikatu dute.

ZOPAk ekainaren 26an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du. Mobilizazioak eguerdiko 12:00etan irtengo du Jesusen Bihotzetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!