Hamar banda lehiatuko dira XV. Haizetara lehiaketan

Aritz Maldonado 2022ko eka. 17a, 12:17
Luciano Fernandez zinegotzia eta Andoni Agirrebeitia alkatea.

Ekainaren 24an, 25ean eta 26an egingo dute Haizetara jaialdia, Zornotzan. Hamar talde lehiatuko dira fanfarren, banden eta kale musikaren nazioarteko lehiaketan; horietako bat, euskal herritarra da, Bokale Brass Band talde baionarra. 10.000 euroko saria irabaziko du banda onenak. 

Andoni Agirrebeitia alkatea pozik agertu da lehiaketa ohiko formatuaren itzuleragaz, izan ere, Zornotzan erroturik dagoen ekimena da haren ustetan. "Haizetara zornotzarrentzat kaleko musika jaialdi bat baino askoz gehiago da. Besteak beste, kultura, musika, elkartasuna, kalek gozamena, udaren etorrera eta familiarekin eta lagunekin izandakoa une onak sinbolizatzen ditu. Eta azken urteetan bizitakoaren ondoren, Haizetara ekimenaren XV. edizioaren etorrerak haize freskoa ekarriko du Zornotzara", azaldu du. Luciano Fernandez kultura eta kirol zinegotziak Haizetara "nazioarteko jaialdi sendoenetakoa" dela nabarmendu du. "Datuek hala diote: hamar nazionalitatetako berrogei taldek eman dute izena datorren astean Zornotzan egoteko. Hamar talde aukeratu ditugu, horietatik hiru Ameriketatik etorriko dira (Argentina, Mexiko eta Txile), eta gainontzeko zazpiak europarrak dira. Horietako hiruk Serbian, Frantzian eta Belgikan dute jatorria; bi estatukoak dira, Murtziakoak eta Bartzelonakoak; beste Euskal Herrikoa da, Baionakoa", azaldu du.

Aurten jasotako 40 proposamenetako hamar onenak lehiatuko dira Haizetara jaialdian: Bokale Brass Band taldeaz gainera, The Gombo Revolution (Frantzia), Hip Horns Brass Collective (Herrialde Katalanak), La Marmaille post-fanfarre (Frantzia), Brassass (Argentina), Kamikaze Beat Band (Mexiko), La Tromba (Txile), Steam Brass Band (Espainia) eta Bojan Ristic Brass Band (Serbia) bandak. 

Lehiaketatik kanpo ere egongo dira emanaldiak: Granadako (Espainia) Pisando fuerte txaranga, eta Kantabriako (Espainia) Bizuka perkusio taldea. 

Hiru sari banatuko dituzte XV. Haizetaran: talde onenaren saria (10.000 euro), instrumentista onenaren saria (1.000 euro) eta publikoaren saria (4.000 euro). Azken hau www.haizetara.eus webguneko bozken bidez erabakiko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!