Murtziako Cristobal Aguilo ilustratzaileak irabazi du Zornotzako jaietako kartel lehiaketa. Egileak adierazi du "asko" dokumentatu dela Zornotzako jaien inguruan, eta festekin "zerikusia duten elementu guztiak batzen" saiatu dela. Kartelean jaietako elementu bereizgarri ugari dago: danborrada, marmitako lehiaketa edo ZorHontza maskota besteak beste.
"Lan neketsua"
Aguilok adierazi duenez, kartela egitea "neketsua" izan da, figuretako batzuk plastilinaz diseinatuta daudelako: "Lan zaila izan da, batzuei sinestea kosta bazaie ere plastilinarekin egin dudalako eta horrek denbora asko eskatzen du. Hala eta guztiz ere, onartu behar dut oso ondo pasa dudala zeregin horretan", adierazi du. Aguilok 1.000 euroko saria jasoko du eta irudia jaietako kartelean, jardueren egitarauaren azalean eta jaiak aurkezteko erabiltzen diren euskarri digitaletan erabiliko da.