Imajinatu ehunka zornotzar eztarria urratu beharrean kantuan. Kalean, denak batera, errime. Imajinatu orain euskal abestiren bat kantatzen dutela. Benito Lertxundiren Baldorba, esaterako. Edo Boga Boga. Eta gehitu horri guztiari poteo bat. Ardo bat, edo bi. Hiru ere bai, akaso. Bada, gutxi gorabehera, horixe egingo dute datorren barikuan, ekainaren 17an, Zornotzan Kantuz ekimenean. Zornotzako kantuzaleek herriko kaleetara irtengo dute abestera, eta herritarrak kantuan ipintzera. Egitasmoa koordinatzen dabilen kideetariko bat Iñaki González Furundarena da, Andra Mari ikastolako gurasoen abesbatzako kidea. "Bilboko Alde Zaharretik kuadrillagaz nindoan batean, talde handi-handi bat ikusi nuen kantuan. Bilbo Kantari egitasmoa zen, eta pentsatu nuen ideia Zornotzara eramatea", azaldu du. Hortik aurrerakoa bere kabuz etorri da. "Marian Ruizegaz (ikastolako gurasoen abesbatzako zuzendaria), Maite Gonzalezegaz (Alaiak abesbatza), Mireia Izagirregaz (Zornotzako korala) eta Iban Ibarretxegaz (Zornotzako Otxotea) hartu-emanetan jarri nintzen. Ideia proposatu nien eta ikaragarri gustatu zitzaien. Datorren barikuan elkarregaz irtengo dugu kalera, euskal kantak abestera", esan du Gonzalezek. Venecia kafetegiaren aurrealdetik irtengo dute, 19:30etan. Gero, herriko hainbat plaza eta taberna zeharkatuta, Tomasa-Antxeta tabernetan amaituko da. "Zornotzan Kantuz egiteko gogoa dagoela igartzen dut, eta euskal kantak denok elkarregaz abestera gonbidatuko nituzke herritarrak", adierazi du. "Jendeari eskatuko nioke kutsu euskalduna duen zeozer ekartzeko aldean: zapi bat, txapela bat...", gaineratu du. Hori eta eztarri osasuntsuak ere bai.