Zornotzako emakume bati egindako eraso matxista gaitzetsi dute

Anboto 2022ko eka. 13a, 14:17

Herriko emakume bati eraso egin diote asteburuan. Udalak "irmoki" gaitzetsi du erasoa eta herritarrak deitu ditu gaur, 18:30etan egingo den protestan, parte hartzera.

Zornotzako Udalak ohar batean jakinarazi duenez, asteburuan eraso egin diote herriko emakume bati. Gertatutakoaren aurrean gaitzespen "irmoa" agertu du udalak eta prestutasun osoa agertu du biktima laguntzeko. Gaur arratsaldeko 18:30etan elkarretaratzea egingo dute udal plazan. Udalak herritarrak deitu ditu protestan parte hartzera, eta eraso matxisten aurrean zein edonolako indarkeriaren aurrean gaitzespena adierazteko. 

Bestalde, mugimendu feministaren arabera bi dira asteburuko eraso matxistetako biktimak. Talde Feministak sare sozialetan zabaldu duenez, "domekan, goizaldeko 04:30etan, Larrea auzoan, gizonezko batek emakume bat jarraitu zuen. Emakumeak ihes egitea lortu zuen eta etxera sartu bezain laster udaltzaingoa deitu zuen inguru horretan erasotzailea zegoela abisatuz". Handik gutxira, ingurune berdinean, beste emakume batek eraso bat jasan zuela gaineratu du Talde Feministak. Elkar zaintzeko eta autodefentsa feministarako deia egin dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!