Ane Berriotxoa zornotzarraren 'Bat' film laburra Cannesko zinemaldian aurkeztu dute

Aritz Maldonado 2022ko eka. 2a, 13:30

Argazkia: Iratxe Etxeandia

Bere lana izaten ari den harrera "sinetsi ezinik" dabil Ane Berriotxoa zornotzarra; izan ere, Cannesko zinemaldian Bat film laburra aurkeztu du, bertako Marché du Film atalean.

"Oraindino ikaslea naiz eta sorpresa handia izan da, hau nire lehenengo lana izan da eta. Jasotzen nabilen feedback guztia oso polita izaten ari da", azaldu du. Marché du Film atalak zinemagintzaren azoka funtzioa du eta sektoreko garrantzitsuenetarikoa da; 1959an sortua, urteekin hazten joan da eta, Cannesko zinemaldiaren webgunearen arabera, 12.000 profesionalek baino gehiagok parte hartzen dute azokan. Bertan eskaintzen diren Internet bidezko masterclass batzuetan parte hartzeko aukera ere eduki du egile zornotzarrak, gainera. "Ingurukoek ere ilusio handiz hartu dute berria, Ni, neure aldetik, ahalegintzen nabil lasai hartzen eta oinak lurrean mantentzen. Azken finean, lehenengo lana dut, eta oraindino asko dudala hobetzeko uste dut", adierazi du Berriotxoak. Zornotzarragaz batera, eskualdeko beste kide bik ere lan egin dute film laburrean: Izaro Gallastegi elorriarra argazki zuzendaria izan da eta Paula Martinek kartela eta iruditegia egin ditu; Berriotxoa eta Gallastegi Euskal Herriko Zine Eskolako ikasleak dira. 

Ane Berriotxoaren iritzian, aukera ederra da Bat zinemaldian eskaini ahal izatea: "Zure izena horrelako leku batean ikustea positiboa da, eta aukera ona zure lana zabaltzeko edo laguntzak eskatzeko". Ibilbide baten lehenengo pausoa izatea ere gustatuko litzaioke. "Lanean jarraitzeko aukera ona da hau; neurri batean, film laburren ibilbidearen lehenengo urratsa da. Orain ibilbide horretan kontzentratu gura dut, ea noraino heltzeko gai naizen; beste jaialdi batzuetara joaten ere ahaleginduko naiz", esan du. Aurrera begira, lanean jarraitzea da Berriotxoaren helburua. "Idazten jarraitu gura dut, proiektuak aurrera eramaten, baina, batez ere, ikasten jarraitu gura dut. Esan dudan moduan, uste dut oraindino hobetu dezakedala, eta horretarako nabil ikasten", argitu du. 

Emakume bi, protagonistak
Mikele Arizkorreta eta Alazne Astorga dira Bat film laburreko protagonistak; Nerearen eta Martinaren azalean sartuko dira biak. Lagun minak dira. Baina gertakari batek urrundu egin ditu, eta orain ez dakite zelan hurbildu berriro elkarrengana. Guztira, Euskal Herriko hiru ekoizpen aurkeztu dituzte Cannesko zinemaldiaren bueltan. Berriotxoaren Bat film laburraz gainera, Estibaliz Urresola Solagurenen Cuerdas filma eta Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto proiektua aurkeztuko dituzte. Canneseko zinemaldiak 75 urte bete ditu aurten, eta Ruben Ostlund zinemagile suediarraren Triangle of Sadness filmak irabazi du Urrezko Palma.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!