"Joskintzagaz disfrutatzen ez dudala ikusiz gero utzi egingo nuke"

Anboto 2022ko mai. 30a, 08:52

Askotariko ehundura eta koloretako oihal artean eroso sentitzen da Enaitz Lopez. Joskintza tailerreko apalak oihalez gainezka ditu. Alemaniatik eta Belgikatik ekarritako oihalak dira asko. Baita Arrasatetik ere. Zornotzan bizi den eibartarrak disfrutatu egiten du umeentzako arropak josten, eta hori horrela den bitartean jarraitu egingo du.

Noiz hasi zinen joskintzan?
Orain bederatzi urte, konponketak egiteko ikastaro bat egin nuen Zornotzan, eta joskintzak guztiz erakarri ninduen orduan. Interneten begira hasi nintzen, blogak jarraitzen, ikasten, oihal dendak ikusten... Ikaragarri gustatzen zait oihalak erostea, larregi! Bada, mundu horretan murgildu nintzen, eta horren mende erori nintzen. Eta horretan nabil gaur egun ere. 

Umeentzako arropak josten dituzu, enkarguz.
Hala da, bai. Ez dut arrazoi bat horretarako. Umeentzako oihalak dibertigarriagoak iruditzen zaizkit, eta umeentzako arropa erostera goazenen iruditzen zait dendetan eskaintzen den guztia berdintsua dela. Josten hasi nintzenean, nire seme-alabentzako arropak egiten nituen, zerbait berezia egin gura nien. Gero hasi nintzen enkarguz josten.

Sare sozialen bitartez erakusten dituzu zeure lanak.
Hasieran, tailer modura saltzea zen asmoa, jendea bertara etorri eta oihala aukeratu ondoren arropa jostea. Neurri askotako jantziak izatea gustatzen zait, jendeari erakusteko, baina ez daukat arropa askorik aurretik josita, ez daukat astirik. Dena dela, ikusi nuen beharrezkoa zela sare sozialetan egotea, jendeak zer egiten dudan ikusi dezan, ereduak izan ditzan. Horrek bertigoa ematen zidan hasieran, lan handia delako. Baina beharrezko ikusi nuen. Onartu behar dut jende gehiagok ezagutzen nauela, nire lana gehiago zabaldu dela sare soziali eskerrak.

'Laino danen gainetik'. Zer dago marka horren atzean?
Nahiko despistatua naiz, kaosean ibiltzen naiz, eta esaldi horregaz identifikatzen naiz (barrez). Jostea gustatzen zait, umeentzako arropa batez ere, eta gozotasun eta mimo osoz jositako jantzi berezi eta erosoak sortzea dut helburu. Eta bidean disfrutatzea, noski. Horrela ez dela ikusiz gero, momentu hori helduko balitz utzi egingo nuke. Arropa horietariko asko bakarrak dira gainera, ez ditudalako bi berdinak egin.

Gura zenuke joskintza zure ogibide bakarra izatea? 
Zaletasuna baino gehiago da niretzat joskintza. Konpromiso batzuk ditut, kontuak egiten ikasi behar izan dut… baina ez da nire diru iturri bakarra. Hala ere, ez dut argi ofizio bihurtzerik gura dudan. Disfrutatzeari utziko diodan beldur naiz. Inoiz lanez lepo egon naizenean, enkarguak ezin denboraz amaitu, neure buruari gogoratu behar izan diot joskintza disfrutatzeko dela eta lasaitasunez hartu behar dudala.

Azoketan ere parte hartzen duzu?
Zornotzan egin denean parte hartu dut, eta Dinagu kolektiboaren Nomadak Gaitun! azokan ere parte hartu dut. Emakume artisau eta sortzaile sentitzen naiz, eta Dinagu oso proiektu polita iruditzen zait, aberasgarria. Emakume eta sortzaile garen desberdinok batzen gaitu eta batura horrek halako indarra ematen du, halako ilusioa, gogoa. Elkar ezagutzeko aukera dugu gainera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!