Amorebieta futbol klubak 135 metro karratuko gimnasio berri eta modernoa inauguratu du Txolonen

Anboto 2022ko mai. 27a, 08:05

Atzoko inaugurazioko irudia. (Argazkia: sdamorebieta.eus)

Klub moduan hazten lagunduko dien urratsa dela azaldu dute.

Amorebieta Kirol Elkarteak gimansio berria inauguratu zuen atzo Txoloneko instalazioetan, futbol taldeek erabiltzen duten Urritxe zelaitik 500 metrora. "Beste urrats bat eman dugu klub gisa hazten jarraitzeko. Klubeko futbolarien garapena bultzatzeko eta kirol-errendimendua hobetzeko balioko du", azaldu dute klubetik ohar batean.

Gimnasioa bi solairutan banatuta dago eta 135 metro karratuko azalera du guztira: 90 metro karratu beheko solairuan eta 45 metro karratu goikoan. "Barruan, kirol-ekipamendu modernoa du, GO fit gimnasio-kateak hornitua, Estatu osoan banatuta hogei bat zentro dituen enpresa honekin sinatutako babes-akordioaren ondorioz", azaldu dute.

Inaugurazio ekitaldian izan ziren, besteak beste, Jon Larrea SDAko presidentea; Asier Goiria kirol-zuzendaria; Gabriel Sáez GO fit enpresako presidente exekutiboa; David Pozos GO fit enpresako produktu arduraduna; eta Zornotzako Udaleko talde politikoetako ordezkariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!