Zornotzako Udalak 2023ko zergak eta tasak izoztuko ditu

Anboto 2022ko mai. 25a, 08:30

Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek aho batez hartu dute erabakia bozeramaileen batzordean.

Ez gora, ez behera. Zornotzako Udalak dauden moduan utziko ditu datorren urteari begirako tasak, zergak eta prezio publikoak. Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek hartu dute erabakia aho batez. Beraz, honakoa izango da hirugarren urtez jarraian tesak izoztea erabakitzen den aldia. Ondasun Higiezinen gaineko Zergak, ibilgailuen zergak, obren eta eraikuntzen zergak zein uraren, saneamenduaren eta zaborren zergak bere horretan geldituko dira datorren urtean.

Udal iturriek diotenez, udalak "erdigunean" ipini gura ditu herritarrak, besteak beste "inflazioari aurre egin ahal izateko". Andoni Agirrebeitia alkateak berretsi du "emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bultzatzen" jarraituko dutela, herri "jasangarriago bat" lortzeko bidean, eta "udalerriko jarduera ekonomikoari bultzada" emateko. Udalaren egoera ekonomikoa "ona" da bere esanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!