Proiektu pilotuak hasiko dituzte zornotzarrak kudeaketa publikoan parte hartzera bultzatzeko

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 24a, 14:08

Udalak Arkalaz! Herrigintza bat egitasmoa ipini du martxan, herritarren parte hartzea bultzatzeko. Proiektu pilotuak adinekoen eta familien artean egingo dituzte.

"Parte hartzea lehenetsiko duen gobernantza eredu berri baterantz" joatea gura du Zornotzako Udalak. "Herritarren parte hartzea bultzatuko duen kudeaketa publiko baterantz". Hori dela eta, Andoni Agirrebeitia alkateak eta Ainhoa Salterain Gizarte Ekintza zinegotziak Arkalaz! Herrigintza bat egitasmoa aurkeztu dute. Proiektuak herritarren parte hartzea sustatu gura du udalgintzako kudeaketa publikoan. "Parte-hartze estrategia berri horrek, sarea sortzen lagunduko digu, entzuten, arreta ematen eta herritarren partehartzea bultzatzen", adierazi du Agirrebeitia. Salterainek, bestalde, "eraldaketa sozialerako" tresna lez aurkeztu du egitasmoa: "Zornotzarrak beren eta komunitatearen garapenean parte hartzea nahi dugu. Elkarrekin egingo dugu bidea, aukera-berdintasunarekin, ingurumenarekin, garapen sozioekonomikoarekin eta kulturarekin konprometitutako udalerri batera", azaldu du.

Proiektu pilotuak

Hori guztia egikaritzeko udalak proiektu pilotuak ipiniko ditu martxan. Herritarrekin osaturiko foroak antolatuko ditu, taldeka, 20 bat lagunekin osaturiko taldeetan. Lehendabiziko foroak adinekoekin eta familiekin egingo dituzte. Modu horretan, herritar horiek komunikazio kanal zuzena izango dute udalgintzako organismoekin eta proposamenak helarazteko aukera ere izango dute. Salterainek aurreratu du "udazkenetik aurrera" ipiniko direla martxan foro horiek. Bestalde, udalak pilotuen eremua zabalduko duela aurreratu du. Nerabeengana eta gazteengana ere ailegatu gura du, "haiei ere ahotsa emateko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!