[ARGAZKI GALERIA] Gerra zibileko biktimak omendu dituzte Zornotzan

Anboto 2022ko mai. 23a, 09:45

Zornoza Elkarte Artistiko-Kulturalak omenaldi ekitaldia egin du gerra zibilak herrian eragindako biktimak omentzeko. Andone Zarandona zornotzarrak bost urte zituen gerrak eta errepresioak Amorebieta eta Etxano astindu zituenean. Berak egin du lore-eskaintza. 

Omenaldia atzo egin zuten Zelaieta parkean. Sirena-hotsa aktibatu zuten lehenik eta Zornoza Abesbatzak Guillermo Lazkanoren Guda Zitala interpretatu zuen gero. Ekitaldiaren elementu nagusia Andone Zarandonak egindako eskaintza izan zen. Zarandonak 5 urte zituen gerra zibilak Amorebieta eta Etxano astindu zituenean. Gertakari haiek zuzen-zuzenean bizi izan zituen. Berak eta bere familiak erbestera jo behar izan zuten. Eta, atzo, lore-eskaintza egin zuen Zelaieta parkeko plakaren aurrean.

Bestalde, Andoni Iturbe Zornoza Elkarte Artistiko-Kulturaleko kideak egun haietan izandako gertakariak errepasatu zituen (bonbardaketak, fusilatuak, kalteak), bai gertaeren giza ikuspegitik eta baita Memoria Historikoa berreskuratzearen alde egiten ari diren lanagatik ere. Azkenik, Alaiak abesbatzak Benito Lertxundiren Loretxoa interprestatu zuen.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!