Danbor hotsak entzuteko prest? Sukaldari, danbor-jole edo kantinera janzteko gertu? Zornotzarrak, behintzat, bai. Udala Karmen eta Santanatxu jaiak antolatzeko lanetan hasi da, eta baieztatu du uztailaren 24an Nagusien Danborrada egingo dutela herrian zehar. Hori bai. Bertan parte hartu gura duten herritarrek izena eman beharko dute maiatzaren 16tik 27ra bidean. Horretarako www.ametx.eus atarira edo Zelaieta Zentrora jo beharko dute. 16 urtetik gorako zornotzarrek parte hartu ahalko dute danborradan, baina baita 14 urtetik gorakoek ere, hauen kasuan, antortxero lez.
Entseguak ekainean
Danbor-jole eta beteranoen entseguak ekainaren 9an, 16an eta 30ean, eta uztailaren 7an 14an eta 21ean izango dituzte, 19:30etan. Fusilatuenak, berriz, ekainaren 17an eta uztailaren 1ean, 13an eta 20an, 19:30etan. Udalak adierazi du derrigorrezkoa izango dela entseguetan parte hartzea eta entseguetara bitan baino gehiagotan huts egiteak danborradan ez parte hartzea eragin dezakeela. Kasu guztietan danborradaren komisioari jakinaraziko diote erabakia.
Zornotzako danborradak 70 urteko ibilbidea du. Eten baten ostean, duela 40 urte berreskuratu zuten.