Zornotzarrak, ehunka. Eta Larrabetzu, Muxika, Morga eta inguruetakoak ere, beste mordoxka bat. Guztiek egin zuten bat Bizkargiko tontorraren gainean, gerra zibilean borrokatu ziren gudarien erresistentzia omentzeko. Aurtengo omenduak sei izan dira: frankisten aurkako borroketan Bizkargi defendatzen ibili ziren Gabiriako (Gipuzkoa) sei gudari. "Gudari horiek Amaiur batailoiko kideak izan ziren. Antza denez, bataloiak Amaiurko gazteluak erakutsitako erresistentziatik hartu zuen izena, gaztelu hartan baturikoek Nafarroako konkistaren garaian erakutsitako erresistentziagatik. Hain zuzen ere, aurten 500 urte borobil betetzen dira borroka hartatik", azaldu du Juanlu Artabek, Bizkargi Gogoratuz elkarteko kideak. Ekitaldira Gabiriako gudarien senideak gonbidatu zituzten eta baita Gaizka Aranguren telebista aurkezle nafarra ere. Arangurenek ETB1eko Itxi liburuak saioa gidatzen du.
Gainerakoan, jaiak eta aldarrikapenek bete zuten Bizkargiko gaina. Etxanoko herritarrek txuzoa sartu zuten bertan urtero legez, eta ez ziren bertsolariak eta musika falta izan.