“Hizkuntzen arteko jauziek Euskal Herriko errealitatea islatzen dute”

Anboto 2022ko mai. 7a, 10:30

Artez Hobe zornotzarrek osaturiko antzerki konpainiak bigarren obra estreinatuko du maiatzaren 13an, (El)BION(m)BO(A). Larraitz Garciak zuzentzen du obra, eta idatzi ere berak egin du.

Zer da (El)BION(m)BO(A)?
Norberaren nahi edo ideiei buruzko gogoeta bat da. Askotan uste dugu kanpotik datozen mugengaitik ez ditugula betetzen, baina norberaren mugengatik izaten dira sarritan. 70 urteko gizona da protagonista, Angel; bizitza osoan eredu bati jarraitu dio, eta amaierarako dio nahikoa dela, eta benetan gura duen moduan bizitzeko ordua dela erabakitzen du.

Hasierako asmoa antzerki labur bat edo mikroantzerki bat egitea zen.
Bai, hori da. Xabier Goitiandia, Angel pertsonaiaren azalean sartzen dena ez da aktorea. Txikitan antzerkigintzan zeozer egin zuela esan zidan, baina hori baino ez. Amaren eskuak egitean musika egin zuen; soinu banda egitea eskatu nion eta prest agertu zen. Nik antzezten nuen bitartean, berak zuzenean jotzen zuen. Bira hori amaitu genuenean, txikitako har hori zuela aitortu zidan. Gero pandemia heldu zen eta antzerki txikia idatzi nuen, bera buruan nuela. Telefonoz berba egin genuen. Hamar minutuko obra bat egin gura nuen, antzezlan oso bat egitea gatxagoa izango zelakoan. Ostean, Zornotzako Udalak zero kilometroko egitasmoa egin zuen; aurkeztu eta baiezkoa eman zigutenean, antzezlana luzatu behar izan nuen. Xabierrek asko sufritu du pandemia garaian, eta berarentzat opari baten modukoa izan dela dio. Ume txiki baten moduan disfrutatzen dabil.

Euskara, gaztelania eta frantsesa uztartzen dituzue antzezlanean.
Amaren eskuak antzezlana euskara hutsean izan zen. Halere, euskaraz ez zekitenek ere ulertzea gura nuen, eta ahalegindu nintzen metaforak erabiltzen horretarako. Oraingoan, gauzak modu sinpleago batean transmititzen ahalegindu naiz, eta hiru hizkuntzatan. Nire ustez, gure errealitatean nahiko ohikoak dira hizkuntzen arteko jauziak. Euskaraz ulertzen ez dutenei aukera bat eskaintzeaz gainera, Euskal Herriko errealitatea islatuko dela uste dut. Ea zelan irteten den.

Gogotsu zaudete estreinurako?
Bai! Urduritzen ere hasita gaude jada (barreak). Azken finean, Xabier orain hiru urte igo zen azkenekoz taula gainera, eta gitarraren atzean, gainera. Buruan bueltaka du ea testu guztia gogoratuko duen. Goitiandia dantzaria izandakoa da Lolin, eta Markeliñeren antzerki tailerretan ere parte hartu du, baina gutxi; Amagoia Azkona ere ibilitakoa da tailerretan, baina gutxi, eta igartzen da urduritasun maila hori.

Urduritasun puntu hori edukitzea ona ere bada.
Bai, bai, neuk ere hori esaten diet. Taula gainean, oihala igotzear dagoen azken une horretan, sarritan galdetu diot neure buruari 'Zer egiten dut nik hemen? Hobeto nago etxean', baina hori normala da. Niri asko gustatzen zait antzerkia, benetan bizi dudan gauza bat da, baina beldurtu egiten naiz une horretan. Eta hori sentitzea ona da, eta normala. Bizirik zaudela erakusten du horrek.

Zuk denbora gehiago daramazu antzerkigintzan. 
Amaren eskuak eta (El) BION(m)BO(A) neuk idatzi ditut, osorik, eta hori egin dudan lehenengo aldia da. Aurretik ere idatzi izan dut zeozer, baina beti gorde izan dut neuretzat. Hezkuntzan lan egiten dut, eta ama ere banaiz. Garaia heldu zen aukeraketa egiteko, eta antzerkigintzan beste modu batera jardutea aukeratu nuen; ezinezkoa zitzaidan umeak, lana, eta astebururo saioak uztartzea. Horrela sortu nuen Amaren eskuak; neu arduratu nintzen idazteaz, antzezteaz, ekoizteaz, guztiaz, musikaz izan ezik. Eta oraingo honetan, kontuan izanda hiru aktore egon behar zirela, nahiago izan dut zuzendaritzaz arduratu eta antzeztea alboratzea.

Zer gurago duzu, antzeztu ala zuzendu?
Taula gainera igo eta fokuak igartzen ditudan bakoitzean, negargura eta antzeztera itzultzeko gogo itzela sartzen zait! (barreak) Baina antzezle bakoitzari barruan duen onena ateratzea eta zuk buruan eta bihotzean duzun horregaz lotzea ere itzela da. 

Baduzue beste emanaldirik aurreikusita?
Ez, oraingoz Zornotzakoa da programatuta dugun bakarra, baina programatzaileekin berbetan gabiltza. Oraingoz ez daukagu datarik zehaztuta, baina antzezlana ikusteko aukera gehiago egongo dela uste dugu. Pozik gaude, gainera, Kantabriatik ere deitu digute eta. Euskarazko zatiak apur bat moldatu beharko ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!