Kontxi Egiarte zornotzarra, ETBko Ur Handitan saioan

Anboto 2022ko mai. 2a, 15:29

Zornotzarra sexuari buruz berbetan egongo da telebista programan. Saioa bihar emitituko dute, 22:30ean, ETB1en. Programaren aurre estreinaldia Durangoko Ibaizabal ikastolan egingo dute.

Aste honetako Ur Handitan saioan Zornotzako herritar bat agertuko da: Kontxi Egiarte Arrizabalaga. Programan zehar sexuari buruz ibiliko dira berbetan, eta Egiarte izango da Xabier Madariaga aurkezlearen elkarrizketatuetako bat. Ur Handitan saioko lan-taldeak aurreratu duenez, hainbat izan dira Egiarterekin eta gainerako elkarrizketatuekin landutako gaiak. "Beraien lehen aldiaz, sexuak eman eta kentzen dienaz, betetzear dituzten fantasiez, masturbazioaz, sexuari buruz dauden aurreiritziez eta sexu harreman mota ezberdinez" jardungo dute, besteak beste. Saioa, bihar, martitzena, emitituko dute ETB1en, 22:30ean.

Aurre estreinaldia Ibaizabal ikastolan

Dena dela, saioa telebistaz emititu baino lehen, aurre estreinaldi bat egingo dute Durangoko Ibaizabal ikastolan. Bertako ikasleek sexuari buruz jardungo dute "existitzen diren tabuak apurtu guran eta sexualitateaz naturaltasunez berba egiteko". Ikasleek solasaldia izango dute Xabier Madariaga aurkezlearekin eta Ziortza Karrantza psikologo eta sexologoarekin. Ibaizabal ikastolako aurre estreinaldia etxetik jarraitu ahal izango da, zuzenean, EITBren web gunean. Emankizuna bihar izango da, 12:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!