Zornotzako udaleku irekietan eta Gauero Udan programan izena emateko epea, zabalik

Anboto 2022ko api. 25a, 12:35

Udaleku Irekiak 4 eta 11 urte bitarteko umeei zuzenduta daude, eta aurten lau txanda izango dira aukeran, ekaina eta uztaila bitartean. Gauero Udan 11 eta 15 bitarteko gazteei dago zuzenduta. Ekainaren 27tik uztailaren 8ra egingo da.

Zornotzako Udalak aisialdi zerbitzu bi prestatu ditu udari begira. Udaleku irekiak eta Gauero Udan. Bietan izena emateko aukera zabalik dago maiatzaren 11ra arte. 

Udaleku irekiak

Lau txanda edo aste izango dira aukeran.  Ekainaren 27tik uztailaren 1era, uztailaren 5etik 8ra, uztailaren 11tik 15era eta uztailaren 18tik 22ra. Ordutegiari dagokionean ere, bi aukera izango dira: A txanda, 09:00etatik 13:00etara eta B txanda, 09:00etatik 15:00etara (jantokia barne). Behar duenak zaintza zerbitzua ere izango du aukeran goizeko 08:00etatik 09:00etara. Udalekuak Larrea ikastetxeko egoitzan edo Udal kirol eta kultura egoitzetan garatuko dira, programaren arabera. Ekainean eskainiko dute programazioari loturiko informazioa. 

Gauero Udan

Ekainaren 27tik uztailaren 8ra bitartean egingo dute, 09:00etatik 14:00etara, nahiz eta ordutegiak luzatu egin daitezkeen ekintzen arabera. Ekintza gehienak Zelaietan eta Udal kirol eta kultura egoitzetan egingo dituzte. Kanpoan egiten direnak programaren araberako lekuetan izango dira eta igeri egiten jakitea ezinbestekoa izango da. 

Izena emateko Gazte informazio bulegora joan behar da. Ordutegia honakoa da: astelehenetik barikura, 11:00-13:00 eta 17:00-20:00 ordu tarteetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!