Bigarren zatia hasi eta berehala, San Josek urdinen lehenengo gola sartu du bikain errematatutako burukada bati esker. Amorebietarekin sartzen duen lehenengo gola da. Baina ospatzeko ia asti barik, Ibizak berdinketaren gola sartu du Ekain Zenitagoiaren bidez. Hala ere, zornotzarrek ez dute etsi. 64. minutuan heldu da partidua erabaki duen jokaldia. Grima jokalariak eskuarekin geratu du Irazabalen erremate bat eta epaileak penaltia adierazi du. Penaltia adierazi izana bera albistea da, 34 jardunaldiren ostean, liga honetan adierazten dioten lehenengoa delako. Guruzetak ez du hutsik egin hamaika metroetatik. Bost minutu geroago heldu da hirugarrena Obiren bidez.
Jardunaldi honen hasieran 11 puntura zegoen salbazioa. Bihar, partidu denak jokatu ostean, baliteke apur bat gertuago egotea. Gaurko garaipenak, gutxienez, konfiantza hartzeko eta esperantzari eusteko balioko du.