Hego Euskal Herriko osasungintzako profesionalak, sindikatuak eta herritarrak mobilizazioak egiten ari dira osasun sistema publikoa defendatzeko eta indartzeko. Eta Zornotzako ZOPA plataformak bat egin du aldarrikapenekin. Zapatuan osasungintza publikoa defendatzeko manifestazioa egingo dute. Mobilizazioak anbulatorio paretik irtengo du 12:30etan.
Manifestazioaren bultzatzaileek diotenez, osasun sistema publikoa "krisian" dago, eta "bereziki" Lehen Mailako Arreta. Euren esanetan, egoera horren arrazoia ez da profesionalen falta edo izurria. Diotenez, kudeaketan dago arazoak. "Aurrekontu publikoak osasun negozio pribatuen interesen alde" erabiltzea egotzi diete gobernuei. "Gaur inoiz baino gutxiago dira osasunerako baliabide ekonomikorik ez izatearen inguruko aitzakiak. Izan ere, gobernu horiek gai dira egun batetik bestera milioika euroko kopuru izugarriak bideratzeko, banka pribatua salbatzeko, energia industrien espoliazioa ordaintzeko, edo industria militarraren gastu are handiagoari aurre egiteko".
Horren aurrean, ZOPAK Osasun Sailetarako aurrekontuak %,5,5etik %7ra eta Lehen Mailako Arretaren finantzaketa %15etik %25era igarotzea eskatuko du. Era berean, euskarazko arreta bermatzea eskatuko dute.