'Ladies On Fight' ikuskizunak ring bihurtuko du Zornotza Aretoa

Aritz Maldonado 2022ko mar. 25a, 11:00

'Ladies on fight'.

Eva Guerrerok zuzentzen duen 'Ladies On Fight' Zornotzan ikusi ahalko da, barikuan, 20:00etan.

Borroka eta dantza uztartzen dituen emanaldia egongo da ikusgai zapatuan Zornotzan. Obrak abiapuntu sinplea du: ring bat, lau borrokalari eta epaile bat; gaualdiak irabazle bakarra izango du. Maria Urcelayk gidaturiko borrokan, Garazi Lopez de Armentiak eta Leire Otamendik osatzen duten bikotea Helenna Wilhelmssonek eta Estivaliz Villak osatzen dutenaren aurka borrokatuko da. Nor baino nor gehiago, irabazteagaitik noraino heltzeko prest dauden ikusiko da antzezlanean; hainbat gai jorratuko dute taula gainean, tragikomedia formatuan: prekaritatea, sexualizazioa eta lehiakortasuna, besteak beste. Aurretik, Berrizen ere egon da aukera antzezlana ikusteko; Durangoko San Agustin kulturgunean ere eskaini zuten emanaldia, atzo. 

Antzezlana Eva Guerrerok zuzendu du; Jemima Canogaz batera, Guerrerok DOOS kolektiboa sortu zuen 2013an. Harrezkero, lau antzezlan luze eta proiektu ugari sortu ditu. Horien artean, Gorpuztu antzezlana izan zen arrakastatsuenetarikoa. 2019an sortu zuten eta gaur egun biran daude oraindino; Euskal Herrian ez ezik, Espainian eta munduko beste herrialde batzuetan ere aurkeztu dute ikuskizuna. 

Noran taldea

Antzezlanaz gainera, Zornotza Zentroan musikaz gozatzeko aukera ere egongo da. Izan ere, Noran pop-rock talde bizkaitarrak kontzertua eskainiko du, 20:30ean. Noran proiektu musikala 2019an ipini zuten martxan Uribe Kostako eta Urdaibaiko bost gaztek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!