Udalerriko kirol zerbitzuetan "gabezia nabarmenak" daudela iritzita, Zornotzako EH Bilduk kiroldegi handi bat eraikitzea proposatu du. Eraikina Tantorta eta Ixer arteko lursail batean ipintzea proposatu du, Lidl supermerkatuaren ondoan dagoen arloa aprobetxatuta. Koalizio subiranistaren berbetan, "arazoa" aspaldikoa da, eta gobernu taldeari leporatu dio "soluzio eraginkorrik" ez ematea. Zornotzako Udalak eskuartean du Urgozo kiroldegia eraikitzeko proiektua. Lanak aurten hasi gura ditu, datozen hiru urteetan 1.155.000 euroko inbertsioak eginda. Baina EH Bilduren berbetan, kiroldegi berria "saskibaloi taldeei zuzendutako pabilioia izango da".
Koalizio subiranistak kritikatu duen beste kontu bat da azken urteotan "dirutza xahutu" dela kirol azpiegituretan. Adierazi du duela dozena bat urte, Larreako kiroldegia eraberritzeko " 10 milioi euro gastatu" zirela, eta azpiegitura "berehala" gelditu zela "txiki". Eta horri guztiari gehitu dio Ixerreko kiroldegia botatzekoak direla. "Hamar urtean, 22 milioi eurotik gorako gastua egingo du Udalak, eta duela hamar urteko arazo berdinekin segitzen dugu", kritikatu du Zornotzako EH Bilduk. Hori guztia dela eta, Urgozo kiroldegia eraikitzeko eta Gane eraberritzeko baliatuko den aurrekontua "kirol-gune handi bat" sortzeko baliatu dadin eskatu du koalizioak.