Teknei Zornotzak Zilarrezko Leb Kopa irabazi du

Anboto 2022ko mar. 12a, 21:00

Teknei Zornotza taldeko jokalariak garaipena ospatzen.

Teknei Zornotzak 66-64 irabazi dio Ibiza taldeari Larrea kiroldegian jokatutako finalean.

Zornotzako zapatu gaua luzea izango da gaur. Seguru zaleek merezi moduan ospatuko dutela garaipena. Teknei Zornotzak Zilarrezko leb Kopa irabazi du emozio handiko finalean eta bere zaleen aurrean.

Lehenengo zatia kanpokoena izan da. Trantsizio azkarretan hainbat saskiratze lortu dituzte eta hiruko marratik fin aritu dira. Bitartean Teknei Zornotzako jokalariek ezin zioten jokoari jarraikortasunik eman, baloi gehiegi galdu dituzte eta, gainera, jaurtiketa libreetan eskas aritu dira: hamarretik bi sartu dituzte. Gauzak horrela, jokaldi indibidualen bidez eutsi diote zelanbait partiduari: Alberto Cabreraren hiruko bat orain, Iker Salazarren mate bat gero... Baina ez zen nahikoa balearrei eusteko: 10-17 lehen laurdenaren amaieran eta 24-35 bigarrenaren bukaeran.

Susperraldia

Bigarren zatian suspertuta irten dira zornotzarrak. Beste intentsitate bat erakutsi dute. Cabrerak bere ohiko klasearekin banatu du jokoa, Borja Mendiari hirukoak sartzen hasi zaizkio, barneko jokoan indartsuago aritu dira... Beste partidu bat zirudien eta Larrea lepo bete duten zaleak —700etik gora— gora etorri dira. Aitaren batean partiduari buelta eman diote eta laurdena aurretik amaitu dute: 46-45. 

Azken laurdena falta eta dena airean zegoen. Orain batak eta gero besteak, talde batek ere ezin zuen alde erabakigarririk hartu. Joe Cremoren hiruko batek lau puntuko abantaila eman dio Teknei Zornotzari: 57-53. Mikel Sainz de la Mazaren beste hiruko batek aldeari eusteko balio zuen: 64-61, minutu baten faltan. Azkenean justu-justuan baina Zornotzarentzat izan da garaipena: 66-64.

Finaleko jokalaririk onenaren saria Alberto Cabrerak jaso du. 23 urteko tenerifearrak partidu itzela jokatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!