Sarrerak erritmo onean saltzen ari dira. Bazkideek bakarrik 400 erretiratu dituzte, aforo erditik gora. Beraz, egun handietako giroa espero da. "Klubean eta herrian jendea oso ilusionatuta dago. Hitzordu historikoa da guretzat" adierazi du Mikel Garitaonandia Teknei Zornotzako entrenatzaileak gaur Larrea kiroldegian eskainitako prentsaurrekoan. "Saskibaloiaren inguruko jai handi bat izatea gura dugu", gehitu du Joxe Etxebarria klubeko presidenteak.
Sant Antoni Ibiza taldea izango da finaleko aurkaria. Talde biek antzekotasun bat baino gehiago dute. Esaterako, talde bien sailkapena sorpresa izan da. Gutxik uste zuten euren multzoko lider amaitu zutela lehenengo itzulia, beste talde boteretsuago batzuen aurretik.
Kantxa barruan ere antzekoak dira. Ez daukate izar handirik eta lorpenak talde indarrean oinarritzen dira. Kontuz ibili beharreko jokalari bi dituzte balearrek. Alde batetik, Jordi Grimau beteranoa, taldeko saskiratzaile nagusia dena (13,65 batez beste). Bestetik, ACB ligan aritutakoa den Tautvidas Slezas pibot lituaniarra; 2,06eko garaieragaz, oso indartsua da barneko jokoan.
Defentsa gotorra eta eraso azkarrak dira zornotzarren armak horri aurre egiteko, eta jokaldi estatikoetan libre dagoen jokalaria ondo bilatzea.
Zornotzaren eta Ibizaren arteko finala 18:30ean hasiko da.
Zaleekin konexioa berreskuratu guran
Pandemia garaiak utzi duen ondorioetako bat zaleek kiroldegira joateko ohitura apur bat galdu dutela. Zaleen eta klubaren arteko konexioa suspertu nahian, kalejira bat antolatu dute zapatu eguerdian. 13:00etan jarri dute hitzordua, Zornotzako Xiberu tabernan. Ibizatik 70 bat lagun etorriko dira eta eurak ere kalejirara gonbidatuko dituzte. Kiroldegirako bidea denek elkarrekin jai giroan egitea da helburua.