Bizipoza eta EHko Down Sindrome Fundazioa: berria eta guztiontzat hobea izango den mundu baten aldeko elkarlana

Aritz Maldonado 2022ko mar. 13a, 10:20

Sergio Uriarte, Katalin Uriarte, Iraia Uriarte eta Maider Ortiz

Guztiontzat hobea izango den mundu berri baten alde lan egiteko helburuak batu ditu Mundu berri bat guztiontzat egitasmoak, bigarren urtez. Auzolan horretan, Bizipoza proiektua osatzen duten 36 elkarteak batu dira; tartean, Zornotzan egoitza duen EHko Down Sindrome Fundazioa. 

"Guretzat oso garrantzitsua da horrelako proiektu batean parte hartzea. Horrelakoei eskerrak, bestela helduko ez ginatekeen lekuetara heltzen gara", azaldu du Amaia Peula elkarteko langileak. "Bakoitza bere kolektibo edo elkartetik batzen den arren, helburu berdinen alde lan egitea oso aberasgarria da, asko ikasten dugu elkarrengandik", gaineratu du Peulak.

Bizipozaren proiektuan zuzenean parte hartzen ez badu ere, Uriarte Ortiz familia zornotzarra EHko Down Sindrome Fundazioko  kidea da eta eurek ere esker oneko berbak baino ez dituzte horrelako ekimen eta elkarteentzat. "Nork ulertuko zaitu ondoen? Zureen antzeko bizipenak dituenak, jakina. Hain zuzen ere, lagun asko egin dugu hemen, guraso asko ezagutu dugu, eta antzerako bizipenak ditugunez elkar ulertzen dugun", dio Maider Ortizek, Iraia Uriarteren amak. Sergio Uriarte aitak eta Katalin Uriarte Iraiaren ahizpak osatzen dute familia, "taldea" eurek dioten lez. Iraiak adimen urritasuna du eta urteak daramatzate elkartearen laguntza jasotzen. "Elkartean eta eskolan asko lagundu digute. Iraiak lagun asko egin du eta gauza asko ikasi du, eta baita guk ere. Hamabi urtean ez da geldirik egon, egunero ikasi du zeozer", azaldu du Sergiok, aitak. Horrez gainera, Katalinen eta Iraiaren arteko hartu-emana nabarmendu gura izan dute. "Iraiaren heroia da, eta familia honetako zutabeetariko bat", gaineratu du.

Letragileak eta musikagileak

Urriaren 9tik, bigarren urtez, Bizipozak CDa, DVDa eta liburuxka kaleratu ditu; Xabier Zabalak konposatu ditu kanta guztiak, baina hamabi elkarteren eta hainbat euskal sortzaileren elkarlana du atzean ekoizpenak. Besteak beste, Igor Elortza bertsolari durangarrak parte hartu du sorkuntzan. Liburuxkako ilustrazioak Eñaut Aiartzaguena iurretarrak egin ditu. EHko Down Sindrome Fundazioak Hogeitabira kantan parte hartu du. Guztira, diskoak hamabi abesti ditu, elkarte bakoitzeko bat. Bizipoza auzolan kanta da diskoko azkena; abestiak elkarte guztien ahalegina laburbiltzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!