Bihar Master Kaiola hasiko da, eskualdeko sei ordezkarigaz

Joseba Derteano 2022ko mar. 11a, 12:00

Guztira, 48 pilotari arituko dira lehian, hiru mailatan banatuta. Mutiletan maila bi daude, gazteena eta 22 urtez azpikoena, bakoitza hogei pilotarigaz. Emakumeetan maila bakarra dago, zortzi pilotarigaz.

Parte hartzaileetatik sei Durangaldekoak dira. Gazte mailan lau daude: Lagun Onak taldeko Urko Bullon zornotzarra, Lea taldeko Aingeru Bernaola mañariarra, Zaldibarko pilota klubeko Igor Pascual eta Lazkaoko Lapke taldeko Faben Ituarte atxondarra.

22 urtez azpiko mailan, Iurretako Olaburu klubean dabilen Iñigo Atutxa zornotzarra arituko da. Azkenik, emakumeetan, Txumuluxueta taldean dabilen Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarrak parte hartuko du.

Bihar hasita, astebururo izango dira partiduak, maiatzaren 8ko finaletara arte. Txapelketak kanporaketa bidezko sistema du; irabazleak aurrera egingo du eta galtzaileak etxerako bidea hartuko du.

Zapatu honetako lehenengo jardunaldian, 18:30ean, eskualdeko hiru pilotari arituko dira. Bullon, Bernaola eta Atutxa Arroitaren, Olaizolaren eta Rekalderen kontra arituko dira, hurrenez hurren.

Eskualdeko pilotarien artean, Faben Ituarte dago sasoirik onenean. Joan zen asteburuan, Euskal Herriko kluben arteko txapelketa irabazi zuen, binaka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!