Udalen Zornotzan sorturiko lehen elkarte feminista da, 90eko hamarkadatik hona emakumeen arteko sareak, prestakuntza saioak, jardunaldiak eta ahalduntze lanak egin dituena. Eta zapatuan, Marixelarre Saria jaso zuen udalaren partetik. Ekitaldian udal ordezkariak egon ziren. Tartean, Ainhoa Salterain Berdintasun eta Gizarte Ekintza zinegotzia. "Merezi duzue aitorpen hau, bultzatzaileak izateagatik, bide zaila izan arren aurrera egiteagatik, gizarte kohesionatuago eta inklusiboago baten eraikuntzan lan egiteagatik", adierazi zuen Salterainek. Urte hauetan guztietan, Udalenek sareak sortu ditu emakume zornotzarren artean, jardunaldi eta prestakuntza-saioak antolatu ditu, laguntza eskaini die gehien behar izan duten emakumeei, eta ahalduntze lanak bultzatu ditu. Azken 30 urteotan 550etik gora emakume zornotzar egon da noiz edo noiz elkartean bazkide legez inskribatuta. Sariak udaleko ordezkari politiko guztien babesa izan du.
Lehen edizioa, baina ez azkena
Marixelarre sariaren lehenengo edizioa izan zen zapatukoa, baina udalak aurreratu du sariak segida izango duela datorren urteetan. Izena toponimo batetik hartu dute. Belatxikietatik Mugarra aldera eginda, Arkotxa inguruan dagoen parajetik. "Marixelarre izena zuten, baita ere, Jose Mari Garamendirenean erosten genituen antxoek. Marixelarre hitzak ere, euskaraz, Mariren zelaia edo larrea esan nahi du. Mari da euskal mitologiako pertsonaiarik garrantzitsuena, eta nik irudikatzen dut libre, ahaldunduta, autonomoa, bere bizitzaren inguruan erabakitzeko gai, aldaketan protagonista aktiboa, feminista, eraldatzailea eta borrokalaria. Hortik dator izena, Marixelarre Saria", azaldu du Ainhoa Salterain zinegotziak.