Martxoak 8

"Apurka-apurka alaitasuna bueltatzen dabilela ikusten gabiltza; jendearen animoan igartzen da hori"

Ekaitz Herrera 2022ko mar. 2a, 08:44

Itxaso Uzcanga Meabek (Valentzia, Venezuela, 1977) euskal jantzi tradizionalak ekoizten ditu Zornotzako Jaialdi denda eta lantegian.

Zapatuan egingo den azokarako gogotsu?
Bai, bertan egongo garen bigarren aldia izango da. Gogotsu gaude. Negozio honen ardura 2020ko otsailean hartu genuen, eta martxoaren hasieran postua ipini genuen Emakume ekoizleen azokan. Handik gutxira etorri zen izurria.

Zergaitik da garrantzitsua zuentzat Emakume ekoizleen azokan parte hartzea?
Emakumeok lan handia egiten dugulako orokorrean. Eta gure lantoki honi dagokionez, artisautza lan handia egiten dugulako. Dena zerotik hasten dugu. Diseinuak hemen egiten ditugu, jantziak hemen ekoizten ditugu. Gure ekoizpen bakoitza bakarra da, originala. Azokak gure lana ezagutzera ematen laguntzen du.

Zelaieta parkeko azokatik pasatzen denak zer ikusiko du zuen postuan?
Baserritarren zein arrantzaleen jantzi tradizionalak ikusiko ditu. Gure kamiseta brodatuak, zapiak. Orokorrean, euskal jantzi tradizionalak.

Jaialdi denda eta lantegiak zer nolako harrera izan du orain arte?
Negozio honek 17 urte zeramatzan martxan, guk hartu genuen arte. Zalantza hori bagenuen. Jabez aldatuta negozioak berdin tiratuko ote zuen, okerrera egingo ote zuen, jendeak etortzen jarraituko ote zuen. Baina erantzuna ona izaten ari da. Pozik gaude.

Negozioaren ardura izurria hasi bezperan hartu zenuten. Zer nolakoak izan dira urte bi hauek? Egokitu zarete egoerara?
Ez da ezelango jairik egon eta horrek izugarri eragin digu. Ez dira ospakizunei loturiko jantziak saldu. Batere ez. Beraz, geure burua berrasmatu behar izan dugu. Maskarak egin ditugu, lantegietako arropak. Enpresei gure zerbitzuak eskaintzen ibili gara lantegietarako arropak bertan egin ditzakegulako. Bidea gatxa izan arren, ikasi ere egin dugu.

Egoera hobetzen ari ote da? Igarri duzue ezer?
Apurka-apurka alaitasuna bueltatzen dabilela ikusten dugu. Jendearen animoan igartzen dugu hori. Badirudi jaiak era batera edo bestera ospatu ahalko direla. Jendea tentuz dabil, baina alaitasun apur bat antzematen hasita gaude. Eta eskerrak. Bestela denok psikologoarenean amaituko dugu-eta! (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!