LAB sindikatuak greba egun bi egin ditu Zornotzako Aludium enpresan. Hilaren 24an (joan zen eguenean) eta 28an (atzo) egin zituen, langileen soldata eguneratzea eskatzeko. Sindikatuaren berbetan, 2018az geroztik indarrean egon den hitzarmenak honakoa jasotzen du: beharginen soldatari KPI Kontsumorako Prezioen Indizea eta puntu erdi bat gehiago igotzea. Hau da, Beraz, 2022rako KPI indizea %6,5 igo denez, soldatei aplikatu beharreko igoera %7koa da LABen esanetan. Sindikatuak dioenez, enpresak "uko" egin dio asmo horri, soldatak %3,5 igoko dituelakoan.
Mobilizazioak LAB sindikatuak deitu ditu, baina enpresa batzordearen gehiengoa CCOO eta UGT sindikatuek dute. Sindikatu abertzaleak CCOO eta UGTri eskatu die %7ko igoera alde batera ez uzteko eta horren alde borrokatzeko. Indarrean egondako hitzarmena iaz agortu zen. LABek negoziaketa berri bat hasi behar dela iritzi dio.