“Fiordoak eta aurora borealak ikusteko ametsa bete gura nuen”

Aitziber Basauri 2022ko ots. 27a, 10:20

Ageda Etxeita (Zornotza, 1997) erizaintza ikasketak egitera joan zen Norvegiara, eta han bizi da gaur egun. Han negua luzea dela esan du zornotzarrak, eta, sasoi honetan, batez beste 1etik 7 gradura bitartean egoten direla bera bizi den herrian, Haugesund-en. Udaberria eta uda oso argiak direla dio: "Ekainean ia 20 orduan dugu eguzkiaren argia". Urte bi dira norvegiera ikasten hasi zela.

Erasmus programaren bitartez joan zinen lehenengoz. Zergaitik Norvegia?
Betidanik gustatu zait kultura eskandinaviarra, eta osasun eta ikaskuntza arloan erreferentzia handia da, Europan eta munduan. Gainera, fiordoak eta aurora borealak ikusteko ametsa bete gura nuen. Natura eta herrialdea asko gustatu arren, bertan ikasle modura bizitako esperientzia hura izan zen berri bueltatzeko arrazoi nagusia.

Zelan egokitu zara  hango ohituretara?
Norvegiako kultura desberdina da alde askotatik, eta asko ikasi dut, baina moldatzen nabil oraindino. Hizkuntza, janaria, jendea, eguraldia, lan egiteko modua... Hala ere, antzekotasunak ere topatu ditut, eta horrek asko lagundu dit moldaketa prozesuan. Hango kultura ezagutzen nabil, baina gure ohiturak ahaztu barik, eta ezagutu ditudan norvegiarrak ere badabiltza gurea ikasten nigaz.

Zelakoak dira norvegiarrak?
Hasieran itxiak dirudite, baina eguraldiak badu zerikusia. Neguan, hotzagaitik batez ere, lagunak edo familia etxera gonbidatzen dituzte, kalera irten beharrean. Baina behin ezagututa oso atseginak, adeitsuak eta jatorrak dira. Mendia, arrantza eta bizimodu lasaia gustatzen zaizkie.

Norvegiako paisaia eta Euskal Herrikoa oso desberdinak dira?
Sinestezina badirudi ere, oso antzekoak dira. Mendebaldea oso hezea da eta ez du iparraldean egiten duen moduko hotza egiten. Mendira noanean, Euskal Herrian lez sentitzen naiz. Urkiola inguruaren eta Belatxikietaren falta igartzen dut batez ere.   

Gomendatuko diguzu Norvegiako fiordoetariko bat?
Trolltunga: 27km-ko ibilbidea da eta inoiz ikusi dudan bistarik ederrenetarikoa du.

Zerk harritu zaitu gehien?
Asko gustatzen zaie neguan eskiekin mendi martxak egitea, eta ibilbidean zein gailurretan Norvegiako Mendi Elkarteak eraikitako etxe pare bat topatu daitezke. Edonor sartu daiteke, ateak zabalik dituzte beti, eta sutondoa, logelak, egongela, sukaldea eta kontserbako janaria erabili daitezke. Normalean ez dira garestiak (10-30 bat euro), baina batere kontrolik ez egoteak harritzen nau. Doan lo eginda ere, inor ere ez litzateke konturatuko. Baina norvegiarrek beti ordaintzen dute eta garbi-garbi uzten dute dena.

Erizaina izanik, pandemia lehenengo lerroan bizitzea tokatu zaizu?
Lehenengo urtea nahiko lasaia izan da. Gorabeherekin, baina osasun sistema kolapsatu barik. Lantokian prebentzioa izan da garrantzitsuena, eta kasu gutxi izan ditugu, zorionez. Baina pandemia ez da amaitu eta lanean gabiltza, etengabe.

Euskal Herriko osasun sistema eta Norvegiakoa oso desberdinak dira?
Publikoak dira biak, eta horixe da garrantzitsuena. Ospitaleak antzekoak dira, baina osasun zentroen antolaketa ez: medikuak eta idazkariak baino ez daude, eta erizain eta erizain laguntzaileek etxerik etxeko osasun zerbitzua eskaintzen dute, zerbitzu integrala eta publikoa. Medikazioa kudeatzen dugu, zauri akutu edo kronikoak tratatzen ditugu, elikadura enterala eta parenterala administratzen ditugu eta zainketa aringarriak egiten ditugu, besteak beste.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!