Estadioko harmailak ez. Baina Zornotza Aretoko eserlekuak, bai. Horiek futbolzaleen (eta bertsozaleen) grinaz beteko dira asteburuan. Athleticek eta Realak elkarren kontrako derbia jokatuko dute otsailaren 20an, eta egun hori aprobetxatuta, bertsolariek, Bertso Derbia egingo dute. Saioa eguerdiko 12:30ean izango da Zornotza Aretoan. Hiru bertsolarik Athletic ordezkatuko dute, eta beste hiruk, Reala. Talde zurigorria honako hauek defendatuko dute: Anjel Mari Peñagarikano, Jone Uria eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariek. Txuri-urdinen taldean, berriz, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus egongo dira. Bertso Derbiaz gozatu gura duten zornotzarrek debalde eskuratu ahalko dituzte sarrerak Zornotza Aretoaren web orrian.
Zornotzan egingo den hau Bertso Derbiaren XVII. edizioa izango da. Egitasmoa Zornotzako Udalak, Athletic Club Fundazioak eta Real Sociedad Fundazioak antolatu dute.