Zornotzako Bizkargi kafetegi soziala itxi dute. Duela aste pare bat, urtarrilaren 28an, zerbitzatu zuten azken kafea. Bertako kideek diote erabakia hartzea asko kostatu zaiela, baina ez dute ixtea beste erremediorik izan. Azken boladan proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ez da behar bestekoa izan. “Kafetegiak oso ondo funtzionatu zuen hasierako boladan, baina 2021eko udatik hona beherakada igarri dugu”, azaldu Irati Aiestak, Zornotzako Harrera Taldeko kideak. Bera izan da, Harrera Taldeko beste hainbat kiderekin eta Zornotzako eragile sozialekin batera kafetegi soziala bultzatu duen kideetako bat. “Erabakia hartzea gatxa izan da. Oso-oso gatxa. Baina orain txarto egin ahal izan ditugunetatik ikastea dagokigu. Beharbada ez dugu kafetegian zerk huts egiten zuen asmatzen jakin, eta ez dugu egoerari buelta ematen jakin”, gaineratu du Aiestak.
Bizkargi kafetegiak 2020ko azaroan zabaldu zituen ateak. Zornotzako Harrera Taldeak bultzatu zuen proiektua, herrian harreran zeuden migratzaileei laguntzeko eta taldearentzat lagungarri izango zen finantzaketa sistema bat sortzeko. Bide horretan, tokiko produktuen aldeko apustua egin dute; Zornotzako zein inguruko herrietako ekoizleen produktuak saldu dituzte; musika emanaldiak eskaini dituzte; kafetegia jatorri askotako herritarren topaleku izan da eta proiektuak uneoro defendatu du elkartasun balioetan eraikitako gizarte eredua.
Kafetegia da zarratu dena, baina ez Harrera Taldearen espiritua. Taldeak Zornotzan harreran bizi diren herritarrak laguntzen jarraitzen du eta.