“Pozik joango nintzateke Nepalera trekking zeharkaldiak egitera”

Aitziber Basauri 2022ko ots. 15a, 08:44

Marilu Egiartek bizpahiru orduko ibilaldiak egiten ditu egunero, Nur txakurragaz. Belatxiketa, Bizkargi, Gorbeia, Anboto, Mugarra... ondo ezagutzen ditu, eta iaz Afrikako gailurrean izan zen, Kilimanjaron. Mendizalea ez ezik pilotazalea eta futbolzalea ere bada.

Gutxik esan dezakete Kilimanjaro igo dutela, are gutxiago 68 urtegaz. Zelan animatu zinen?
Bai, eta oso pozik nago. Murtziako lagun on batek proposatu zidan, Pacok, eta, birritan pentsatu barik, baietz esan nion. Paco Pirinioetan ezagutu nuen orain urte batzuk, eta Machu Pichu (Peru) ere igo genuen biok, 2017an. Oso ondo konpontzen gara mendiko bizikidetza horretan. Osasuntsu nago, bizipoza dut eta gauzak egiteko gogoa.

Zelan prestatu zinen?
Asko ibili naiz hemengo mendietan, eta Kilimanjarora joan aurreko bezperako egunetan Veleta (3.396 m) eta Mulhacen (3.479 m) igo genituen, altuerara aklimatatzeko.

Zer sentitzen da Afrikako gailurrean?
Ezin da azaldu hango argitasuna, koloreak. Halako askatze sentsazio bat sentitu nuen. Aurrean nuen handitasuna ikusita oso txiki sentitu nintzen. Ahalegin handia eskatzen du, gainera. Gailurrean neu izango nintzen edadetuena. Mendi-gidariak 'mami leona' esaten zidan, pozarren. Gu 10 laguneko taldeagaz joan ginen: gidaria, sukaldaria, zamaketariak... azken horiek bai meritua! 

Machu Pichura 64 urtegaz joan zinen.
Neure buruari egin nion omenaldia izan zen. Hainbeste urte lanean emanda, jubilatu ondoren, zeozer berezia egitea nuen gogoan. Hilabete egin genuen han, eta Vinicunca mendia (5.200 m) ere igo genuen, zazpi koloredun mendia. Machu Pichuraino igotakoan, negar batean hasi nintzen. Machu Pichu eta Kilimanjaro igotzea oso esperientzia aberasgarriak izan dira, momentu gogorrak egon diren arren. Gauza asko dago ikusteko eta ikasteko munduan.

Gertukoek baino ez dute jakin Kilimanjaro igo duzula.
Bai. Herrian asko harritu egin dira jakin dutenean. Ondo sentitzen naiz, erronka bat izan delako. Baina ez dut sentitzen halako balentriarik egin dudanik. Emakumeentzat eredu izan nintekeela da gehien baloratzen dudana. Jubilatzean etapa berri batean sartzen gara eta gauza mordoa egin genezake, emakumeok ere bai. Horretara animatu gura ditut denak. Ondo bagadude eta gai bagara, inork ere ezin digu esan zer egin dezakegun eta zer ez.

Kilimanjarora zindoazela zekitenek ez zizuten esan ea zoratuta zauden?
Bai. 'Ez dira, ba, gertuago ere egongo lekuak!' eta halakoak entzun ditut. Baina nik hara joan gura nuen.

Zer ematen dizu mendiak?
Bakea, poztasuna. Gainera, bidea bera da gehien gustatzen zaidana. Asko disfrutatzen dut. Eta mendian ezagutu duzun hori betirako laguna izango duzula uste dut. Adinean aurrera eginda sortu zitzaidan batez ere mendizaletasunerako grina.

Zein izango da hurrengoa, Everest?
Ez, ez. Baina pozik joango nintzake Nepalera trekking zeharkaldiak egitera.

Zein duzu mendirik kutunena?
Bizkargi asko maite dut. Gurasoak hangoak ziren eta Bizkargiren magalean jaiotakoa naiz. Nire bizitzan presentzia handia izan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!