"Askotariko jendea batzen gara hemen. Bakoitzak bere gustuak ditu. Ni, adibidez, denera ailegatu ezinda nabil. Berbaldiak, ibilaldiak,... Nagusi Aretoko ekintzak oso onuragarriak dira. Oso pozik nago jarduerekin". Amelia Bolaño zornotzarrak berba horiekin deskribatu du Nagusi Aretoak eskaintzen duen aktibitate-sorta. Euskara eta gimnasia saioetan sartuta ibili da azkenaldian, eta aurrerantzean ere bide horri ekiteko borondatea agertu du. Maria Jesus Alegria ere zerbitzua erabiltzen duen zornotzarretako bat da. Bera ere pozik joaten da saioetara. "Buru aktiboan eskaintzen diren saioak asko gustatzen zaizkit. Igarri dut memoria hobetzen lagundu didatela", azaldu du.
Zornotzako Nagusi Aretoak urtarriletik ekainera bitarteko eskaintza aurkeztu du goiz honetan. 60 urtetik gorako herritarrentzako zerbitzuak izango dira guztiak. Osasun, kultura eta teknologia berriei loturikoak. Ainhoa Salterain Gizarte Ekintzako zinegotziak adierazi duenez, Nagusi Aretoak "topaketarako gune bat" eskaintzen die Zornotzako adinduei, "euren beharrizanak asebetetzeko". Hain zuzen ere, eskaintza berria 60 urtetik gorako herritarrek erantzundako inkesta batekin sortu dute. Gaurtik aurrera Zornotzako etxeetan bananduko dute programan, 60 urtetik gorako biztanleak bizi diren etxeetara, hain zuzen.
14 jarduera ekainera bitartean
Hemendik eta ekainera bitartean 14 jarduera eskainiko dituzte. Honako hauek dira.
Kultura arloko ekintzak
- Bilboko udaletxera bisita
- Guggenheim museoan bisita gidatua
- Castillo de Muñatones – Ferrería el Pobalera bisita
- Elorrioko udalerrira bisita gidatua
- `Navegando en el mar´ itsasontzian Bilboko itsasadarretik bisita
- Ingeles ikastaroa bidaietarako
- Buru aktiboa ikastaroa
- Kontsumoa, birziklatzea eta energia aurreztea lantzeko ikastaroa
- Bizi testamentuari eta herentziei buruzko ikastaroa
- Euskal Herriko historiari buruzko ikastaroa
Osasun arloko ekintzak
- Erlaxazio tailerra
- Adinekoen paseo osasungarriak
Teknologia berriei loturiko ekintzak
- Telefono mugikorra zelan erabili
- Online izapideak
Informazio gehiago eskuratu edo jardueraren batean izena eman nahi dutenek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez egin dezakete, 94 630 00 02 telefonoan; Nagusi Aretoan, aurrez aurre; nagusiaretoa@amorebieta.eus helbidean; edo whatsapp bidez, 688 692 806 telefonoan.