Iazko parentesiaren ondoren, emakumeen areto-futbol derbia berreskuratu dute Beti Gol eta Mendibeltz taldeek

Joseba Derteano 2022ko ots. 4a, 14:15

Egon zen sasoi bat eskualdeko emakumeen areto-futbolak lau talde izan zituena. Gaur egun bi geratzen dira eta euretako bati, Mendibeltzi, asko kostatu zaio berea aurrera ateratzea. Iaz ligan parte ez hartzea erabaki zuten, pandemiagaitik, eta aurtengoan liga hasi aurretxora arte jokalari bila ibili dira aurrera jarraitzeko.

Horregaitik, joan zen barikuan Zornotzako Beti Golek eta Mendibeltzek jokaturiko derbia ospatzekoa da, emaitza edozein izanda ere —4-0 zornotzarren alde—, emakumeen areto-futbolak Durangaldean bizirik jarraitzen duela erakusten duelako. "Guretzat oso pozgarria da derbi hauek jokatzea, berezia izaten da", azaldu du Edurne Azpitarte Beti Goleko presidente eta jokalariak. Mendibeltzeko entrenatzailea den Edgar San Millanek ere aurrerantzean derbia "urteroko hitzordu" bihurtzea itxaroten du.

Aurten taldea osatzea "ikaragarri" kostatu zaiela onartu du San Millanek. Azkenean, bost jokalari berri batzea lortu dute —euretariko bi futboletik datoz— eta hamar jokalarigaz dabiltza aurten. Normala den moduan, hasieran kostatu egin zitzaien, baina urritik hona taldeak "garapen itzela" izan duela uste du San Millanek. "Hazkunde esponentziala izan da eta oso pozik gaude errendimenduagaz". Oraingoz, garaipen bi lortu dituzte aurten.

Aurrera begira, bide beretik jarraitzea dute helburu. "Ez dugu beste helbururik. Ikasten, hobetzen eta areto-futbolagaz gozatzen jarraitu gura dugu", dio San Millanek.

Zornotzako Beti Gol gorago dabil. Hainbat jokalarigaz indartu dute taldea eta, aurten, galdu beste irabazi dituzte partiduak, sei guztira. Momentu honetan, Bizkaiko ligako sailkapenaren erdialdean kokatuta daude. Asteburuan puntu bi goitik duten Otxartabe taldearen kantxan jokatuko dute eta garaipen batek Otxarkoagako taldearen gainetik ipiniko lituzke.

Mendibeltz taldeari, ostera, atseden hartzea egokitzen zaio asteburuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!