Zer erakutsi gura izan duzu erakusketa honegaz?
Margolanetan paisaiak ikusi daitezke. Naturan oinarrituriko erakusketa bat egin gura nuen, kolore piloagaz eta naturan sortzen den mugimendua erakusten duena. Zenbat eta kolore gehiago, orduan eta bizitza gehiago erakusten dela uste dut, eta garrantzitsu irizten nion horri, une honetan gizartea triste eta apal dagoela iruditzen zait eta. Naturagaz hartu-emanetan gaudenean, mendian edo hondartzan, hobeto sentitzen gara, eta uste dut garrantzitsua dela gaur egun gauza alaiak erakustea. Nik gai gogorragoak ere jorratzen ditut, baina oraingoan zeozer alaiagoa egin gura nuen, azken urte biak oso gogorrak izaten ari direlako. Jendea ez dut oso animoso ikusten.
Naturak, gainera, aukera ematen dit beste modu batera lantzeko ere; bertan sortzen diren bolumen eta formak desberdinak dira. Zornotzan ikusi daitekeen eskulturak naturan ere geometria dagoela erakusten du. Hiru petaloko lore bat da, barruan bikote bat musukatzen gordetzen duena. Askotan, detaile txikietan gauza handiak aurkitu daitezke; hori adierazi gura nuen.
Pandemiako itxialdiari erantzun lez sortu dituzu erakusketako lanak?
Ez, ez erantzun lez, baina izan zitekeen. Konfinamendutik irten genuenean, natura jendez lepo zegoen, baina orain berriro ere lehengo ohiturak (errutinak, joerak?) berreskuratzen gabiltza. Naturan erantzun piloa lortu dezakegu eta horiek beti dira positiboak guretzat. Horregaitik sartzen dut kolore asko nire margoetan. Geroago eta teknologikoagoak gara, eta hor ez dugu erantzunik topatuko.
Zelako garrantzia dute koloreek zure lanetan? Protagonismo handia dute zure ibilbidean.
Nire lan guztietan agertzen da kolorea. Intentsitatea bilatzen dut koloreetan; izan ere, bizitza adierazteko modu bat da kolorea.