Elkartasuna

“Maratoiak irauten duen astea eurekin partekatzea arnasa da sahararrentzat”

Ekaitz Herrera 2022ko ots. 4a, 09:30

Aurtengo Sahara Maratoia otsailaren 28an egingo dute. Zornotzako herritar batzuek bertan parte hartuko dute eta hara bidaiatu aurreko egunak aprobetxatzen dabiltza botikak eta osasun materiala batzeko. Gero, charter hegaldi batean, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekura joango dira maratoia egitera eta botikak bertan uztera. Jabi Gonzalezek, Izaskun Gisasolak eta beste korrikalari zornotzar batek parte hartuko dute.

Zein da helburua eta zeintzuk zarete egitasmoaren atzean zaudetenak?
Jabi González: Gure lehenengo Sahara Maratoia 2012koa izan zen. Aldi hura kirol erronka modura hartu genuen. Baina hurrengo urteetan beste planteamendu bategaz joaten hasi ginen. Ez hainbeste kirol ikuspegitik. Hangoekiko elkartasunean sakonduta baino. Aurtengoa gure zazpigarren urtea izango da.
Alaitz Etxebarria: Maratoia, kirol erronka hori, egon badago. Eta badago hori egitera bakarrik mugatzen den jendea. Baina erronka horri gehitu diezaiokezu familia bategaz egonaldia egitea. Hortik sortzen dira bestelako laguntza proiektuak. Gu joan izan garenean ez gara maratoi osoa egitera joan. 10 kilometroko ibilaldi bat egin izan dugu. Egonaldiak hango jendeagaz hartu-emanak egiteko eta proiektuak sortzeko aukera ematen du.

Zelako maratoia da?
J.G.: 42 kilometroko maratoia da. Aaiun izeneko kanpalekutik Smararaino. Gero, badago maratoi erdia ere, 21 kilometrokoa. Hori Auserd kanpalekutik Smararainokoa da. Azkenik, 5 eta 10 kilometroko probak daude. Normalean, charter hegaldi bik irteten dute. Madrildik (Espainia) batek, eta Italiatik beste batek. Mundu osotik joandako jendeak parte hartzen du. Maratoi gogorra da. Pentsa, dena basamortua da. Dunak daude, beroa. Eta maratoia zenbat eta beranduago hasi, orduan eta txarrago, beroa handiagoa da eta.

Basamortua, dunak eta beroa. Baina baldintzak gogorrak izan arren, sahararrekiko elkartasunak bultzatuta zailtasun guztiak  gainditzea lortzen duzue.
J.G.: Bai, oso maratoi berezia da. Azken finean, errefuxiatuen kanpaleku batean zaude, euren lurretatik kanporatu dituzten sahararrekin. 45 urte daramatzate euren lurretatik kanpora.
A.E.: Maratoia sahararren gatazka politikoari ikusgaitasuna emateko modu bat da. Jende batengana heltzeko modu bat. Jende asko kirol erronka egitera mugatzen da, baina gero badaude beste parte hartzaile asko, aste osoko egitarauan inplikatzen direnak. Familia bategaz partekatzen da egonaldia, haima batean, eta urte osoko hartu-eman bat sortzen da hor. Sahararrentzat arnasa da hori.

Zornotzan hasi duzuen egitasmoa ez da maratoira bakarrik mugatzen. Elkartasun bilketa ere martxan duzue.
Izaskun Gisasola: Bai, botikak eta osasun materiala batzen gabiltza, sahararrei ahalik eta laguntzarik handiena emateko. Astelehenetan eta eguenetan egoten gara materiala eta botikak batzen, Luis Urrengoetxea kaleko 8. atarian, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
A.E.: Egin dezakegun gutxienekoa da hori. Bilketa egiten dugun hirugarren aldia da hau. Egitasmoa oso harrera ona izaten ari da eta Zornotzako optikek ere sekulako parte hartzea izan dute. Egia esan, Zornotzako komertzioek izugarri laguntzen digute. Botikek, optikek... Informatika dendei eskerrak, ordenagailuak eraman izan ditugu hara. Mertzeriei eskerrak, umeentzako arropak eraman izan ditugu. Margoak, hariak... Deialdia egiten dugun aldiro herritarrek eta komertzioek primeran erantzuten dute.

Maratoiaz gainera, zelakoak izaten dira Tindufeko kanpalekuetako egonaldiak?
J.G.: Euskaldunok Smara kanpalekuaren kanpoaldera joaten gara. Hango familiekin aterpetuta egoten gara. Despedida ailegatzen denean, afaria egiteko ohitura dugu. Gogoan dut behin etxeko ume bategaz joan ginela erosketak egitera. Ume hori Nafarroan egonikoa da, Oporrak Bakean programagaz. Bada, erosketak egitetik etxera bidean gindoazela, mutikoak "bokata, bokata!" eskatzen zigun. Irudi hori oso gogoan dut. Eurentzat errege magoen antzeko zeozer ginen.
A.E.: Kanpamentuetan elikaduraren kalitatea oso txarra da. Arlo horretan, geroago eta arazo gehiago dute. Orain arte egon ez diren osasun arazoak sortzen hasi dira. Diabetesa, adibidez. Loditasun arazoak ere bai. Barazkiak eta fruta oso garesti daude. Hemen baino garestiago. Arrainik ez da existitzen, latan ez bada. Okelari dagokionez, gamelu-okela jaten dute, beste askorik ez. Baina oinarria pasta, arroza eta kuskusa dira. Latako tomateagaz jaten dituzte sarri, janari prozesatuagaz. Eta herri mugitua, nomada, izan denak, orduak eman behar izaten ditu haiman. Orain arte existitu ez diren hainbat osasun arazo sortzea eragin du horrek.

Urterik urteko elkartasuna, Zornotzatik Saharara

Zornotzarrek Sahara Maratoian parte hartzen duten zazpigarren aldia izango da aurtengoa, eta osasun materiala eta botikak bidaltzen dituzten hirugarrena.


1) Saharako umeen maratoia, 2012an.


2) 2020an, zornotzarrek 23 kaxa bete osasun material eraman zituzten.


3) 1976ko otsailaren 27an, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren independentzia aldarrikatu zuten. Harrezkero, otsailaren 27a denean martxa bat egiten dute kanpalekuan. (2019)


4) Jabi González zornotzarra maratoian parte hartzen. Ezkerretik hasita hirugarrena da. (2019)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!