Honako hauek izango dira otsailetik ekainera bitartean eskainiko dituzten ikastaro guztiak: janari azkar edo fast food osasungarria, bost kontinenteetako sukaldaritza, marrazki tailer bi (umeentzat bat, helduentzat bestea), dekorazio tailerra, espazioak antolatzen eta sortzen ikasteko saioak, jaioberrientzako feltrozko eskulanak egiteko ikastaroa, akroyoga, autodefentsa feminista eta sare sozialei buruzko beste ikastaro bat. Horietan izena emateko epea otsailaren 2tik 22ra izango da. Eskaintzen diren plazak baino inskripzio gehiago balego, udalak aurreratu du plazak zozkatuko dituela. Zozketa hori otsailaren 24an egingo litzateke, 12:00etan. Hortik aurrera, otsailaren 28an, hasiko dira ikastaroak.
Bestalde, urrian hasitako ikastaroek segida izango dute ekainera arte. Zornotzarrek horietan ere izena emateko aukera dute, nahiz eta saioak hasita egon. Honako ikastaro hauek dira. Saloi dantzak, bitxigintza, yoga, zur langintza, mindfulness, joskintza, puntoa, krotxeta eta zeramika. Otsailaren 2an zabalduko da horretarako epea.
Izena emateko Zelaieta Zentrora jo behar da. 946300650 telefonora deitu edo zelaieta@amorebieta.eus helbidera idatzi daiteke.