Zornotzako Udalak umeei zuzendutako ekitaldi bi antolatu ditu otsailerako: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna eta Go!azen 8.0 taldearen emanaldia. Ikuskizun biak Zornotza Aretoan izango dira, aretoko edukiera %60ra mugatutagaz. Hori dela eta, udalak sarrerak aldez aurretik zotz egitea erabaki du.
Zozketak noiz?
Pailazoek KuiKui ikuskizuna eskainiko dute. Otsailaren 25ean eskainiko dituzte emanaldiak. 17:15ean eta 19:15ean. Sarreren zozketan parte hartzeko izena eman beharko da urtarrilaren 31tik otsailaren 4ra bitartean. Zozketa, berriz, otsailaren 7an egingo da. Gero, sarrerak ordaintzeko epea otsailaren 9tik 16ra izango da.
Go!azen 8.0 telesailaren emanaldiak otsailaren 26an izango dira. 12:00ean eta 17:30ean. Zozketan izena emateko epea otsailaren 2tik 9ra izango da. Zozketa otsailaren 14an egingo dute, eta sarrerak ordaintzeko epea 16tik 23ra izango da.
Zozketan sartzeko baldintzak
Zozketan parte hartzeko ezinbestekoa da Ametx txartela izatea. Pailazoen emanaldirako adina 2-10 urte bitartekoa da. Go!azen 8.0 ikusteko, berriz, 5-14 urte bitartekoa.
Ametx txartel bakoitzeko, gehienez, sarrera bi eskuratu ahal izango dira (umea eta nagusia). Taldeka joan nahi izanez gero, gehienez 6koa izan daiteke, eta eskaera egiterakoan hiru Ametx txartelak jakinarazi beharko dira. Zozketarako izen ematea bi modutara egin daiteke: aurrez aurre, Zelaieta Zentroan edo 94 630 06 50 telefonoan, astelehenetik ostiralera, 8:30-21:30 ordutegian deituta. Saio bakoitzeko 204 sarrera zozketatuko dira; beraz, egun
bakoitzeko, 408 sarrera izango dira aukeran. Bestalde, Udalak jakinarazi du ordaindu gabeko sarrerarik geratuko balitz, zozketan zehaztutako itxaron zerrenda izango litzatekeela kontuan. Era berean, emanaldien egunean afora egungoa baino handiagoa bada, Udalak zozketan
zehaztuko itxaron zerrenda jarraituz banatuko ditu sarrerak.