Zornotzako Udalak Karmen eta Larrabide kaleen arteko igogailua inauguratu du gaur. Ingurunea "irisgarriagoa, erosoagoa eta seguruagoa" izango da aurrerantzean, Anartz Gandiaga hirigintza zinegotziak azaldu duenez. Obra berria inguruan bizi diren auzotarren adostasunagaz egin dute, adinekoen eta familien premiak lehenetsita. Horregatik, igogailu berriak joan-etorriak erraztuko dizkie gurpil-aulkia behar dutenei edo ibiltzeko zailtasunak dituztenei. 900.000 euro inbertitu ditu proiektuan.
Zornotzako Udalak aurreratu du norabide horretan jarraituko duela lanean. Hor kokatu du, hain zuzen ere, egunotan Kaitanan hasi dituzten obrak. Sei bat hilabete barru Kaitana plaza eta goialdeko auzoak (Santa Ana, Jauregizahar eta Andrandi) lotuko dituen igogailua erabilgarri egotea gura dute.