Azken egunotan, Zornotzako Udalak hainbat horma-irudi ezabatu ditu herriko kaleetatik, eta gaiak eztabaida piztu du gaurko osoko bilkuran. Ika-mika piztu duten horma-irudiak bi dira. Bat, San Pedro kalean egon da, Zelaieta parkearen aurrealdean. Udalak, mugimendu feministak Saioa Agirreri elkartasuna adierazteko asmoz egindako murala ezabatu du bertatik. Beste horma irudiak Karmen kaleko 21. atariaren bueltakoak dira. Belatxikieta elkartea kokatuta dagoen tunelean egon direnak. Ezabaketek ondoeza eragin dute gazte mugimenduari eta mugimendu feministari loturiko elkarteetan.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk kaleen garbiketari buruzko ordenantza berritzea eskatu dio gobernu taldeari, eta, gaineratu du, gaur bertan erregistratuko duela horretarako eskari formala. Gaizka Esparza EH Bilduko zinegotziak adierazi du herri mugimenduak "arazoak" dituela "adierazpen askatasuna erabiltzeko". Bestalde, Anartz Gandiaga hirigintza zinegotzi jeltzaleak azpimarratu du udala "indarrean dagoen ordenantza betetzera" mugatu dela, eta testuak dioena beti bete izan dutela, "horma-irudien mezuak edo adierazpenak zeintzuk diren kontuan hartu barik". Bestalde, Gandiagak salatu du herrian bere burua seinalatzen duten "hainbat kartel" zabaldu direla, bere argazkiagaz. Kartelen "metodologia faxista" salatu du.
Andoni Agirrebeitia alkateak udalbatza bukatutakoan egindako adierazpenen arabera, "muralak eraikinaren jabearen oniritziarekin eta beharrezko baimenak udaletxean eskatuta" egin behar dira. "Hori da bidea", gaineratu du. Zornotzako kaleko garbiketaren ordenantza 1995ekoa da. EH Bilduk testua berrikustearen eta egokitzearen aldeko jarrera berretsi du, "gizartea ordutik hona asko aldatu delako".