“Banuen gogoa berriro protagonista sentitzeko futbol talde batean"

Joseba Derteano 2022ko urt. 29a, 10:30

2020ko ekainean, Athleticek utzita Coruñako Deportivon jokatzen zebilela, zelaietatik urte eta erdiz aldendu zuen orkatilako lesio txar bat izan zuen Peru Nolaskoain Esnalek (Zumaia, 1998). Zorigaiztoko etapa hori ahaztu eta hobe bati ekiteko esperantzagaz etorri da Amorebietara.

Zergaitik aukeratu duzu Amorebietara etortzea?
Denbora bat neraman non jokatu pentsatzen. Nire orkatila geroago eta hobeto dago, baina gurago nuen urrun joan ez, orkatilak arazoak emanez gero ez nuen-eta modurik izango Lezamara joateko. Lezamakoekin hartu-emanetan jarraitzen dut, tratamendurako eta abar, eta Zornotzan handik gertu nago. Horrez gainera, taldekide asko ezagunak izatea ere faktore bat izan da. Hainbat jokalari aurretik ezagutzen nuen eta berriro eurekin egotea, egunean egunekoa eurekin bizitzea,  hona etortzeko arrazoietariko bat izan da.

Zeintzuk dira ezagutzen zenituen jokalari horiek?
Asko dira. Gaizka Larrazabal, Gorka Guruzeta, Oscar Gil… Bilbao Athleticen eurekin jokatu nuen eta denboraldi handia egin genuen. Egia esanda, Athleticegaz Bigarren B Mailan nenbilela, gaur egungo ia taldekide denen kontra jokatutakoa naizela esango nuke. Beraz, elkar ezagutzen dugu apur bat.

Egun batzuk joan dira Amorebietagaz zabiltzanetik. Erabaki zuzena izan dela sentitzen duzu?
Bai, banuen gogoa berriro ere protagonista sentitzeko futbol talde batean. Proiektu polit baten bila nenbilen, eta uste dut Amorebietakoa badela hazten lagunduko didan horietarikoa. Nire bertsiorik onena berreskuratu eta berriro jokatzeko kapaz naizela sentitu gura dut. Jakina, badut datorren urtean Lezamara bueltatu eta han geratzeko ilusioa ere.

Zelakoak ari dira izaten zure lehenengo egunak taldekideekin?
Oso giro ona ikusi dut eta talde bat hortik eraikitzen da. Bigarren Mailan, gatxa da partidu bat irabaztea. Argi dago giro onagaz bakarrik ez direla partiduak irabazten, baina horixe da abiapuntua.

Zer eskatzen dizu Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzaileak?
Batez ere lana eta konpromisoa. Gainera, badut esperientzia kategoria honetan. Badakit partiduak irabaztea oso gatxa dela eta defentsako lan on bat dela garaipenerako bidea. Mentalizazio horretan lagundu gura diot taldeari. Taldeak ondo erantzuten badu, nik ere nire bertsiorik onena eman ahalko dudala uste dut. Beti ere taldearen zerbitzura. Taldea nire aurretik dago, hori argi daukat.

Joan zen asteburuan, apur batean jokatzeko aukera izan zenuen Molinon zelaian, Sporting Gijonen kontra. Zelan sentitu zinen?
Ondo ikusi nuen neure burua. Partiduari dagokionez, triste amaitu genuen, 2-1 galdu genuen eta. Partidua kontrolpean geneukala uste dut eta akats txiki batek dena aldatu zuen. Amorrua eman zigun partidu horrek eskutik ihes egin izanak. 

Zelai erdian ala atzealdean sentitzen zara erosoen jokatzen?
Askotan egin didate galdera hori. Zelai erdian erosoago sentitzen naiz eta postu horretan gehiago eman dezakedala uste dut, baina atzealdeko bosteko lerrora ere ezin hobeto moldatu naiteke. Taldeari laguntzeko bada, edozein postutan ere gustura arituko naiz. Batzuetan atzean jokatzea egokituko zait, beste batzuetan zelai erdian, eta egongo dira egunak aulkian egotea egokituko zaidana ere. Denerako prest nago.

Orkatilak ahalbidetzen dizu partidu osoa jokatzea?
Bai, orkatila baino gehiago erritmoa eta hauspoa berreskuratu behar ditut. Ez dizut esango orkatila guztiz indarberrituta dagoenik, baina badakit ehuneko ehunean sekula ez naizena egongo eta hori kontuan hartuta jokatzera ohitu behar dut. Hori buruan, partidu osoa jokatzeko moduan nago.

Lesio luze hori ganditzeak barne mentalizazio handia eskatu dizu?
Bai, batzuetan min gehiago ematen du buruak orkatilak baino, eta hori orkatilak min handia eman didala! Burua zentratuta edukitzea eta lesioa lasai hartzea garrantzitsua da. Bakoitzak bilatu behar du zerk laguntzen dion egunerokotasunean burua orekatuta mantentzen. Nik hori bilatu eta aurkitu dudala uste dut eta prozesu horrek asko lagundu dit orkatila hobetzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!