"Sagardoa normaltasunez kontsumitzera eta sagardotegira lasaitasun osoz etortzera animatzen ditut herritarrak"

Anboto 2022ko urt. 27a, 13:30

Jose Antonio Zamalloa Garamendi (Zornotza, 1958) Zornotzako Uxarte sagardotegiko arduraduna eta Bikaiko sagardogileen elkarteko presidentea da.

Zelako sagardoa da aurtengoa?
Denerik dugu. Orokorrean, sagardo arinak dira, nahiz eta badauden sakonagoak eta mingotsagoak ere. Aurreko urtekoen aldean, graduazio alkoholiko gutxiago dute. Guk Uxarten 40.000 litro ekoitzi ditugu. Erabilitako sagarren %90 etxekoak izan dira.

Pozik zaudete uztagaz?
Bai, uztagaz bai. Baina kezka osasun egoeragaz dugu, etorriko denagaz. Sagardoagaz konforme gaude. Daukan itxura kontuan hartuta, ez du zertan eboluzio txarra izan. Baina salmentak jausten badira eta sagardotegiko aktibitatea jausten bazaigu, dena ikututa geratuko da.

Zelakoa izan da pandemian zehar egindako bidea?
Oso txarra. Pandemiak 2020ko denboraldiaren erdian harrapatu gintuen, bete-betean. Birritan izan dugu sagardotegia zarratuta. Txotxa ezin da zuzenean kupeletik egin, murrizketak daude eta jendeak panikoa dio espazio itxietan sartzeari. Mila zalantza dago. Dena konpontzen bada, ondo. Jendea etortzen bada eta sagardotegiko giroaz gozatzen badu, bada, primeran. Baina hori ez dago ziurtatuta.

Hilaren amaierara arte egongo dira, gutxienez, osasun neurriak indarrean.
Ez naiz fidatzen. Aurreikuspenak egiteko gaitasuna dutenek eta kontu honi buruz asko ulertzen dutenek ez dute asmatu orain arte. Bai, berrikusiko dituzte neurriak, baina behin-betikoak izango dira? Ez dago gauza ziurrik.

Bizkaiko ekoizleek %10etik 20ra bitartean igo behar izan dituzue prezioak.
Beste sektore batzuetan egondako igoerek hori egitea inposatu digute. Kristalak, kartoiak, okelak eta halakoek igoera izan dutenez, gu ere behartuta gaude igotzera. Galdu, behintzat, ezin dugu galdu. Argindarragaz hasi zen dena, baina sektore guztiek jarraitu diote bide horri.

Zein mezu bidaliko zenuke bezeroak animatzeko?
Sagardoa normaltasunez kontsumitzera eta sagardotegira lasaitasun osoz etortzera animatzen dut jendea. Osasun protokoloak eskatzen dituen arau guztiak betetzen ditugu. Leku segurua da. Jendeak gozatu dezala sagardotegiaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!