Orain urtebete sortu zenuten Kandela sormen gunea. Zein helburugaz?
Markel Suarez: Orokorrean, Zornotzan kulturgintzarako espazio gabezia dagoela uste dugu. Gure zaletasuna argazkilaritza da, eta, horretarako, gune bat behar genuen. Gune hori hartu eta herrira zabaltzea erabaki genuen.
Iratxe Etxeandia: Sorkuntzarako eta elkarlanerako espazio bat eskaintzea da gure asmoa. Gu ere nora edo norengana jotzeko aukerarik barik egon gara, eta horri erantzuteko modu bat ere bada.
Ane Berriotxoa: Gaztetxea hor dago, esate baterako, baina, hortik aparte, Zornotzako eskaintza kulturala oso instituzionala da. Gabezia hori ikusten genuen eta espazio honegaz hori betetzen ahalegindu gara.
I. E.: Gure kasuan, argazkilaritza analogikora bideratuta dago gure zaletasuna. Horrek ez du esan gura sormen gunean ez dagoela tokirik bestelako diziplina artistikoetarako. Horma zuri bat dugu lokalean, erakusketak egiteko helburuagaz.
M.S.: Gure proiektuetarako, Zornotzako beste sortzaile batzuk ere kontuan hartzen ditugu; adibidez, Erika Barrenetxea ilustratzaileagaz lan egin dugu. Bestalde, 'Zabalik' erakusketako testuak Ane Alegriak idatzi ditu.
A.B.: Ematen du Zornotzan sortzaile gutxi dagoela, baina sarri, kanporantza proiektatzen delako izaten da uste hori. Hemen ez dago lekurik sorkuntzarako, eta egiten denari ez zaio ikusgarritasunik ematen; hortaz, ikusgarritasun hori beste nonbait ematea bilatzen dute sortzaileek. Guk horri buelta eman gura diogu.
M.S.: Gu honetara gaudenez, sortzaile asko ezagutzen ditugu, ilustratzaileak, dantzariak... denerik ezagutzen dugu, baina beharbada zornotzarrek ez dituzte ezagutzen.
I.E.: Izen handiak-eta ezagutzen dituzte, baina herrian bertan gazte asko dago talentu handikoa, eta Kandelaren helburuetariko bat hori ikustaraztea ere bada.
A.B.: Herri txiki batean, zaletasunak partekatzen dituzun jendeagaz elkartzea ez da erraza izaten. Idaztea, musika... zaletasuna dena delakoa izanda, hartu-emanak puntu horretatik sortzerakoan zeozer berezia sortzen da.
Musikagintzako artistekin ere aritu zarete lanean, Izaro edo Merina Gris artistekin, adibidez.
I.E.: Gure esperientziagaz eta kontaktuekin lan egin izan dugu. Norbanako lez zein Kandela lez lan egiten dugu, proiektuen arabera, baina elkarlana lehenesten dugu.
Elkarlan horiek interesgarriak izango dira.
M.S.: Uste dugu horrelako proiektuetarako hobea dela taldean lan egitea, iritzi eta ikuspuntu desberdinak partekatzea, emaitza aberasgarriagoa izango delako.
I.E.: Oso ondo konplementatzen garela uste dut, baina ez da hori bakarrik. Denok gara gai bakarrik lan egiteko, baina taldean egiteak balio erantsi bat ematen dio. Bakoitzaren indarguneak ere identifikatuta ditugu, eta horrek batura bat egiten du. Uste dugu horrela lan profesionalagoak geratzen zaizkigula, gainera.
M.S.: Hasieran, lokala lan edo proiektu pertsonalak garatzeko helburuagaz hartu genuen, baina proiektu amankomunak irten dira bertatik. Norbanako modura xurgatzen dugun dena Kandelan iraultzen dugu gero.
Egia da ere, argazkilaritza analogikoa izatera, lokal baten beharra ere bagenuela. Lekua behar da argazkiak errebelatzeko, horiek digitalizatzeko eta beste hainbat kontu egiteko. Esan dugun modura, jendea gurera hurbiltzea gura dugu.
A.B.: Jendea gugana etortzea gura dugu, bai, prozesua eurak lantzea, hasi eta amaitu zelan egiten den ikusteko. Lagunak ditugu argazki-kamera bat sekula hartu ez dutenak, eta gugaz egon eta gero kamera zaharra hartu eta eurenkontura ikasten hasi direnak.
Zergaitik argazkilaritza analogikoa?
I.E.: Zer irtengo den magia moduko hori ere badu prozesuak. Zeure esku dagoen dena egin dezakezu prozesuan zehar, baina emaitza zelakoa izango den amaieran baino ezin duzu jakin.
A.B.: Prozesuak eurak sekulako ekarpena dira, asko ikasten da bertan. Baina trabak ere baditu. Nahiko espezialitate garestia da, eta, zoritxarrez, gazteon soldatak nahiko baxuak izaten dira.
'Zabalik', dendariei aitortza egiten dien erakusketa |