“Egun batzuk pasatu eta gero, oraindino ezin nuen sinistu txapel denak irabazi nituela”

Joseba Derteano 2022ko urt. 14a, 13:00

Aimar Morgaetxebarriak (Zornotza, 2002) amaiera ezin hobea eman zion 2021ari, hiru asteburutan binakako beste hainbeste txapel irabazita: Bizkaiko txapelketan nagusitu zen lehenengo, Diario Vascon gero, eta Zaldibarko Olazarren Gabon zaharretan. Bolada on horrek jarraipena izan dezake gaur bertan, Elgoibarko San Anton txapelketako finala jokatuko du-eta Unai Matagaz batera.

A zelako urte amaiera, Aimar!
Itzela izan da. Egun batzuk pasatu eta gero, oraindino ez nuen sinisten txapel denak irabazi nituela. Diario Vasco eta Olazar txapelketarik entzutetsuenetarikoak dira eta euretan jokatu ahal izatea plazer bat izan bada, zer esanik ez irabazi izana.

Zer itxaropenagaz joan zinen txapelketetara?
Irabaztea gustatzen zaigu denoi, baina, tira, irabazi ala galdu, lan ona egitea eta sentsazio onagaz amaitzea zen helburua. Banekien lan ona eginda zeozer polita egiteko aukerak nituela, baina txapel denak irabaztea… ez nuen inoiz pentsatuko.

Diario Vascoko finala, Hodei Exposito astigarragarraz jokatu zenuena, benetan lehiatua izan zen. 22-21 irabazi zenuten Muruaren eta Irazustabarrenaren kontra. Zelan gogoratzen duzu?
Final bat izateko, nahiko trankil joan nintzen bertara. Hasi aurretik, ondo berotu gura nuen, garrantzi handia eman nion horri, batzuetan kostatu egiten zaidalako partiduetan sartzea. Nahiko ondo sartu nintzen partiduan, nahiz eta pilota gozatzea kostatzen zitzaidan. Hodei Exposito izen handiko pilotaria da afizionatuetan, eta ni nagusietan nahiko berria izanda, hasieran kostatu egin zitzaidan berari hau edo bestea esatea, behar zenean agintzea. Aurkariak 12-16 aurreratu zirenean atsedena eskatu nuen, Hodei ez zegoen partiduko unerik onenean eta, ez dakit zelan, baina aginte makila hartzera ausartu nintzen. Partidua atzean zegoela esan nion. Hodeik gogor astintzen du pilota eta nire kolpea ez da hain mingarria, baina frontisean altuera bilatuta pilota nahiko ondo atzeratzen dut. Estrategia horregaz hasi ginen eta partiduari buelta ematea lortu genuen.

Olazarreko finala, ostera, justu kontrakoa izan zen. Ander Muruak eta zuk erraz irabazi zenuten Mataren eta Aizpuruaren aurka: 22-5.
Egia esanda, Mataren eta Aizpuruaren kontrako finala oso gogorra izango zela uste nuen, baina ez zen euren eguna izan. Guk ere ez genuen aparteko ezer egin. Murua bikain aritu zen eta, nire laguntzagaz, berak atera zuen finala aurrera.

Baikogaz aurrekordioa duzu eta eurekin entrenatzen zabiltza. Gustura zaude?
Oso gustura. Eurekin entrenatzen naiz eta prestatzaile fisikoa, teknikoa, medikua, psikologoa… ia behar dudan dena eurak ipintzen didate. Gainera, tratu zuzena dut pilotari profesionalekin. Ez dakit profesionaletan debutatuko dudan, baina Baikon daramatzadan urte bi eta erdian amets bat bizitzen nabil. 

Baikogaz zabiltzanetik bizimodua asko aldatu zaizu?
Apur bat bai. Nahiz eta oraindino barruan egon ez, gora heltzeko esperantza duzu beti eta, horretarako, pilota beste gauza batzuen aurretik ipini behar duzu. Entrenamenduak ere beste intentsitate batekoak dira. Laguntza dena izanda ere, zeozer lortu gura baduzu, zeuretik ipini behar duzu.

Urte bi eta erdi hauetan zertan igarri duzu hobekuntzarik handiena?
Orain pilotariagoa naiz eta gauza askotan hobetu dut: fisikoan, alderdi mentalean, laguna zelan animatu ikasten… Gero, ez dakit adinagaitik den edo Baikon nabilelako, baina denbora honetan pertsona lez ere hazi egin naizela sentitzen dut. Niretzat horixe da garrantzitsuena, nire hurbileko jendeagaz tratu ona izatea, eta horixe bilatzen dut.

Baikoren egituran egonda, sentitu duzu lan ona egiteko presiorik Olazar eta Diario Vasco txapelketetan? Aparteko zeozer erakutsi beharra?
Baietz uste dut, burutik pentsamendu hori kentzen ahalegintzen naizen arren. Enpresa batean bazaude maila ona emango duzula edo eman dezakezula suposatzen da. Gero, sarritan, presiorik handiena kanpoko jendeak esan dezakeenetik sortu daiteke. Batzuetan horixe da txarrena, kanpoko jendearen iritziak zuri afektatzen uztea, eta horixe da saihestu behar dena.

Zure familian ez zara lehenengo pilotaria. Ama palista izan ei zen.
Horrela da, bai. Amak palan jokatzen zuen gazteagotan. Gogoan dut txikitan aititak amak irabazitako garaikur bat eman zidala. Nik umetan ez nuen apenas txapelketarik irabazten. Amaren garaikur bat ikusi nuen apal batean, aititari eskatu nion eta eman egin zidan. Amak nik baino lehenago batzen zituen garaikurrak, bai.

Zein izan da zure pilotari kutuna, beti animatu izan duzun hori?
Aimar Olaizola zalea naiz, neurri batean aitagaitik. Aita Olaizolaren jarraitzaile handia da eta nire izena beragaitik ipini zidaten. Behin, ni jaio aurretik, Olaizolaren partidu bat ikustera joan zen aita, beragaz egoteko aukera izan zuen eta honakoa esan zion: "Nire semeak zure izena izango du, zugaitik". Gerora, Baikoren barruan, beragaz entrenatzeko aukera izan dut eta oso ondo tratatu nau beti. Gaur egun, Jokin Altuna zalea ere banaiz. Gazteagotan, Altunak buruz burukoa irabaziz gero bere kamiseta erosiko nuela esan nuen etxean, eta halaxe egin nuen gero.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!