Zornotzako Udalak hasi ditu Kaitana plaza Santa Ana, Andrandi eta Jauregizahar auzoekin batuko dituen igogailua eraikitzeko lanak. Igogailu berriak irisgarriago ipiniko ditu udalerriko erdigunea eta goialdean geratzen diren auzoak. Udalak 780.000 euro bideratu ditu egitasmora eta aurreikuspenen arabera lanek sei hilabete iraungo dute.
Proiektuak, igogailuaz gainera, ingurunean urbanizazio-obra osagarriak egitea ere aurreikusten du. Pasabidea, adibidez. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, igogailuaren nukleo bertikala mendi-hegalean erdi lurperatuta abiatuko da eta, pasabide horizontalarekin elkartuko da, bi puntuak lotuta. Horretarako, beheko eremua birdiseinatuko dute.