Urritxe institutuko Erasmus+ ikasleek izaera soziala duen enpresa bat sortzeari ekin diote

Anboto 2022ko urt. 11a, 09:33

Turkia, Txekiar Errepublika, Italia, Portugal eta Errumaniako ikasleak Zornotzara etorriko dira. 

Urritxeko ikasleek Erasmus+ programaren bigarren zatiari ekin diote. Ekintzailetza gaiak hartu dituzte ardatz, eta izaera sozialeko enpresa bat sortzea izango dute helburu hemendik aurrera. Erasmus+ elkartruke programari eskerrak Zornotzako ikasleek Europako hainbat ikastetxetan egingo dituzte egonaldiak. Eta, alderantziz. Europako ikasleak Zornotzara etorriko dira egonaldia gurean egiteko. Turkiatik, Txekiar Errepublikatik, Italiatik, Portugaldik eta Errumaniatik ailegatuko dira nazioarteko ikasleak.  

Zornotzako Udalak aurkezpen eta ongietorri ekitaldian parte hartu du, eta esker oneko berbak izan ditu joan zein etorri egingo diren ikasleentzat. Ainhoa Salterain Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak azpimarratu du Erasmus+ programa "erronka bat" izango dela ikasleentzat. Aukera horri eskerrak "aberasgarriak izango diren esperientzia ahaztezinak" biziko dituzte: "beste herrialde batean bizitzea, beste herrialde batzuetako ikasleak ezagutzea" edo norberarena ez den hizkuntza batean komunikatzea. Bestalde, udal ordezkariak Urritxe institutuko irakasleek egindako lana goraipatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!