Etxanoko frontoiko aldagelak eta komunak berrituko dituzte

Anboto 2021ko abe. 30a, 10:40

Zornotzako Udalak lehiaketa publikora atera du instalazioak berritzeko obra.

Lanek 59.000 euroko aurrekontuagaz irten dute lehiaketa publikora, eta onuradunak hiru hilabeteko epean egin beharko ditu. Zornotzako Udalak ohar bidez adierazi duenez, egungo komunak eta aldagela orokorra egoera onean daude, baina ez dute bainugela egokiturik. Estaldurak ere hondatuta daude, eta tarteko ur filtrazioak izaten dira teilatutik. Gune berrituak honako hauek izango ditu: sarrera zabalago bat, harraska industrial bat, haurrentzako aldagailua izango duen komun konbentzional bat, egokituak izango diren komun eta konketa bat, eta irisgarria izango den dutxa eta banku osagarri bat. Era berean, teilatu berri bat egingo da oraingo xafla iragazgaitzak, teila eta euri-uren sistema ordezkatzeko. Instalazioak egokitzeari dagokionez, berregokitze lanekin honako hauek aurreikusten dira: ur hotzaren eta beroaren hornidura; euri-uren eta hondakin-uren hustuketa; argiztapen naturala eta artifiziala; larrialdietako argiztapena; larrialdietako sakagailua; elektrizitate-konexioak; eta aireztapen naturala eta mekanikoa. Balizko ekipamenduari dagokionez, termo elektriko bat jartzea aztertzen ari da Udala, batez ere dutxarako ur bero sanitarioa lortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!